Jokatzeko geratzen diren Euskal Herriko bi finalek ere badute lekua eta eguna
Behin Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatuta, beste bi mailetako finalak non eta noiz jokatuko ziren jakin nahi zuten aizkora zaleek, eta jadanik bi final horiek ere badute lekua eta eguna.
Jokatzen lehena Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa izango da; hori urriaren 24an izango da, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 18.30ean. Han arituko dira bere garaian txartela eskuratu zuten sei aizkolariak: Arria V.a, Kañamares IV.a, Alberdi, Eneko Saralegi, Resano eta Kortxero. Aurreneko biek lortuko dute mailaz igotzea. Bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki beharko ditu saioan zehar.
Hortik sei egunera jokatuko da Bigarren Mailakoa, Elizondoko Iriarte pilotalekuan baldin eta eguraldi ona egiten badu, eta txarra bada, alboan dagoen Baztan pilotalekuan. Bi kasuetan ere 12.00etan hasiko da. Hemen ere kanporaketan finalerako txartela lortutako sei aizkolariak neurtuko dira: Vicente II.a, Ruben Saralegi, Mujika, Txapartegi, Mugertza III.a eta Jauregi. Bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu, Lehen Mailan izaten duten lanaren erdia, alegia.