OCT. 22 2015 «Asterix»-en 36.a kalean da, baita euskaraz ere «Zesarren papiroa» du izenburu «Asterix»-en 36. albumak eta dendetara gaur iritsiko den argitalpen berriak 4.000 ale izango ditu euskaraz. Didier Conrad marrazkilariak eta Jean-Yves Ferri gidoilariak bigarren aldiz jardun dute komiki historiko honen egiletzan, eta bere jatorriari eusten badiote ere, gaurkotasunaren zantzuak ere baditu. GARA DONOSTIA Hamar egun pasatu dira Parisen “Zesarren papiroa”-ren azala aurkeztu zutenetik, “Asterix” komiki ezagunen 36. alea. Gaurtik aurrera, hasierako marrazki hartaz gain, barrualdeak gordetzen duen istorio osoa ezagutzeko aukera izango da, salmentan baita dagoeneko. Estatu osoan 160.000 ale izango dira salgai, horietatik 4.000 euskaraz. Katalanez (25.000), galegoz (3.000) eta asturieraz (1.500) ere eskuratu ahal izango da. Nazioartean 4 milioi komiki zabalduko dira 20 hizkuntza desberdinetan. Bigarren aldiz egin dute Didier Conrad marrazkilariak eta Jean-Yves Ferri gidoilariak memoria kolektiboan txertaturik dauden pertsonaia horien argitalpen bat. 2013an egin zuten estreinakoa, “Asterix eta piktoak”, eta arrakasta lortu zuten mundu osoan zehar. 5,4 milioi ale saldu zituzten eta 24 hizkuntzatara itzulia izan zen. Rene Goscinny (1977an hila) eta Albert Uderzo dituzte Asterixek eta Obelixek berezko sortzaileak, eta Uderzok berak eta Anne Goscinnyk, Rene Goscinnyren alabak, gertutik jarraitu dituzte azken bi argitalpenok. Galiako Gerraren bueltan garatu dute sorkuntzan oinordeko direnek 36. albumeko trama nagusia, jatorrizko ezaugarriak ahalik eta gehien errespetatuz, nahiz eta egungo zantzuak ere nabariak diren istorio berrian. WikiLeaksen sortzaile Julian Assangerengan oinarri duen Doblepolemix pertsonaia izan daiteke adibideetako bat. Hasieran Wikilix izenez deitzea pentsatu zuten sortzaileek, baina nabarmenegia iruditu zitzaien. Uderzoren arabera, irakurleek «gauza berriak nahi dituzte, baina zaharrak mantenduz» eta, hartara, berritasunez harago, «Asterixek txiki izaten jarraituko du eta Obelixek, gizen». Ale berriaren azalean, non Uderzok garrantzi berezia eman baitzion «zenbakiaren izpiritua» islatzen duen tipografiari, Asterix eta Obelix ageri dira Zesarren papiroari liluraz begira. Bere garrantzia, barneko orrialdeetan argituko zaio irakurleari. Albert Uderzo esker oneko agertu zen sorkuntzaren lekukoa hartu zuten Conrad eta Ferrirekin obra originalarekiko izan duten «fideltasunagatik». 2013ko lehenengo alean beraiekin lan handia egin zuela aitortu zuen marrazkigileak, baina bigarrenean «ia ezer» ez duela egin onartu zuen. «Ez nuen uste adin honetara iritsita pertsonaia horren abenturak bizitzen jarraituko nuenik», aitortu zuen 88 urteko sortzaileak. Conrad eta Ferri izan ziren Goscinnyren heriotzaren ondoren eta Uderzoren begirada zorrotzaren pean, pertsonaia mitiko horiei bizitza ematen jarraitzea erabaki zutenak. «34 argitalpen egin eta gero, ez nuen uste ideia gehiago edukitzeko gaitasuna izango zutenik», gaineratu zuen Albert Uderzok. Ana Goscinnyk, bere aldetik, onartu zuen behin baino gehiagotan irakurri ondoren ez dela sortzaile originalen eta berrien lanak bereizteko gai; «ez nekien nork idatzi zuen zein». Pozarren agertu zen bere aitak sortutako Asterix pertsonaia zahartzen ikusten ari delako, Rene Goscinnyk berak izan ez zuen «luxu bat». Asterixek 56 urte beteko ditu urriaren 29an, Conrad eta Ferrik bezala. Bi sortzaileek aurreratu zutenez, beste ale bat buruan dute dagoeneko; «ziurrenik bibotedun txikiak izango duen bidaia batean izango du oinarri», jakinarazi zuten. 4 MILIOI «Asterix»-en 36. albuma gaur bertan iritsiko da dendetara. 4 milioi ale jarriko dira salgai mundu osoan, hogei bat hizkuntzatan. Euskaraz 4.000 liburu inprimatu dira.