Ibon Iparragirreren auziaz, haserre
Ibon Iparragirreren ama naiz. Nire semea Basauriko kartzelan zegoela (2014ko martxoa-apirila), preso sozial batek ukabilkada bat eman zion, eta horren ondorioz Navalcarneroko kartzelara dispertsatu zuten («por una reyerta»). Ibonek salaketa ipini zion preso honi, baina salaketa hau artxibatua izan zen.
Hiru hilabetera, preso sozial horrek Ibon salatu zuen, makinaz idatzitako salaketa, alegia, Ibonek hozka egin ziola adieraziz, eta Ibonek hiesa daukanez, bera ere beharbada «kutsatu» egin zuela iradokiz.
Joan den asteartean jarria zegoen epaiketa eguna eta salatzailea ez da agertu; fiskalak karguak erretiratu ostean, epaileak Ibon absolbitu egin du. Denok pozik? Ba, ez! Ni neu ez behintzat, zeren salaketa faltsu honek kristoren kaltea eragin dio Iboni: haren ondorioz dispertsatua izateaz gain, Castro Espetxe Zaintzako epaileak ustezko reyerta hori ere aipatu zuen Iboni 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzeko orduan.
Asteartean ere, Ibonek berak defendatu behar izan zuen bere burua, epaileari hitza eskatu eta ea salaketa faltsu bat sartzeak inolako zigorrik ez daukan galdetzean. Zeren Ibonek eta Ibonen familiak nahi duguna gertatutakoa argitzea da: funtzionarioek zirikatuta Ibonek preso sozialen aldetik jasan dituen erasoak ez direla atzoko gauza; alderantziz, kartzelan sartu zutenetik bera akabatzeko erabiltzen ari diren estrategia bat dela.
Astearteko epaiketan aukera aproposa galdu genuen hori guztia salatzeko, baina Ibonen kasuan behintzat, ez da berriz gertatuko. Ez gaude gure semea pairatzen ari den sufrikarioa bere horretan uzteko prest, salaketa faltsuak onartzeko prest, medikazioaren inguruan hedabideek aho-mihitan darabilten demagogia onartzeko prest eta, azken finean, injustizia hauek guztiak salatu gabe Ibon kartzelan hiltzen uzteko prest, arduradunak arduradun.
Bizitza kendu ahal diote, baina erailketa horren arduradunak seinalatzea eta Ibonek azken unera arte mantenduko duen duintasuna ezagutzera eman eta defendatzea denon eskuetan dago.