OCT. 26 2015 MENDI LASTERKETAK Euskal lasterkariak bikain Munduko Koparen zirkuituan Skyrunner World Series txapelketan Maite Maiorak proba bertikaletan brontzea eta distantzia ertaineko lasterketetan laugarren postua lortu ditu. Aritz Egea, Ionut Zinca, Hassan Ait Chaou eta Aitziber Ibarbia lehen hamarretan sailkatu dira distantzia ertaineko zirkuituan. Andoni ARABAOLAZA Skyrunner World Series zirkuituak amaiera zirraragarria izan berri du. Mendi lasterketen Munduko Kopa bezala ezaguna den zirkuitu horrek hitzordu berezia izan zuen Italian. Hilaren 16an eta 17an kilometro bertikalen zein distantzia ertaineko lasterketen (SkyRace) azken lehiak jokatu ziren. Korrikalariak jaso zituena, berriz, Limone Extreme proba izan zen. Eta zirraragarria diogu, besteak beste, sailkapen nagusiak oso estu zeudelako. Eta, garaipenik lortu ez badute ere, azpimarratu behar dugu euskal korrikalariek goi mailako emaitzak sinatu dituztela. Horren adibide da Maite Maiora: bertikaletan brontzea eta SkyRace zirkuituan laugarren. Horrez gain, aipatu behar da azken modalitate horretan beste lau euskal ordezkari lehen hamarren artean sailkatu direla: Aritz Egea (5.), Ionut Zinca (8.), Hassan Ait Chaou (9.) eta Aitziber Ibarbia (8.). Kilometro bertikalen azken probari dagokionez, aipatu behar da eguraldi gaiztoa tarteko ibilbidean aldaketak egin zituztela; betiere, korrikalarien segurtasuna bermatu ahal izateko. Bai, hilak 16a, euriteekin eta mendi puntetan elurrarekin esnatu zen. Azkenean, lehiakideek 5 kilometroko ibilbidea (aurreikusitakoa baino bi kilometro gehiago) eta kilometro bateko desnibela izan zituzten aurrez aurre. Lasterketa gauez jokatu zen; beraz, korrikalariek kopetako-argia erabili behar izan zuten. Nesketan, azkarrena Christel Dewalle frantziarra izan zen 50.48 denborarekin. Hirugarren postuan, ia hiru minutura, La Sportiva taldeko Maiora geratu zen. Salomon taldeko Oihana Kortazar bosgarrena izan zen eta euskal selekzioko Maria Zorroza zortzigarrena. Nahiz eta Italian ez lehiatu, Laura Orgue katalana proba bertikalen sailkapen nagusiarekin egin da; izan ere, urrea eskuratzeko puntu nahikoak batuta zituen aldez aurretik. Maiora brontzearekin egin da. Mutiletan, berriz, Remi Bonnet suitzarra garaipenarekin egin zen. Euskal selekzioko Iñigo Larizek hamahirugarren postua lortu zuen. Sailkapen nagusiko lehenengo postua Bonnet berarentzat izan da. Orgue berriro Biharamunean, bestalde, distantzia ertaineko zirkuituaren azken lehia jokatu zen. Mendien ertzak elurtuta zeudenez, antolatzaileek bertatik ez igarotzea erabaki zuten. Hori bai, lasterkariek aurreikusitakoa baino ibilbide tekniko gogorragoari egin behar izan zioten aurre. 23 kilometroko distantzia mantendu zen, baina desnibelean beste 400 metro gehituta. Nesken mailan, Orgue berriro protagonista nagusia izan zen. Katalanak argi zuen sailkapen nagusiaren lehen postuarekin egiteko azken proba irabazi behar zuela, eta, horrez gain, Megan Kimmel estatubatuarra bigarren postutik atzera geratu behar zela. Horrela bada, Gardako lakutik Orgue indartsu atera zen eta helmugan, lasterketa osoan buru egon ondoren, lehena izan zen 3 ordu eta 18 minutuko denborarekin. Katalanak euskal ordezkarien “laguntza” jaso zuen; izan ere, Kimmeli bigarren postua “lapurtu” zioten. Bai, Maiora bigarrena izan zen 16 segundora eta Kortazar hirugarrena 3 minutu eta 33 segundora. SkyRace zirkuituko irabazlea, beraz, Orgue izan da. Maiora laugarren postuarekin egin da eta Ibarbia zortzigarrenarekin. Irakurri bezala, Orgue katalanak aipatu bi modalitateetan lortu du urrea. Eta mutiletan, kilometro bertikalean bezala, Bonnet izan zen nagusi. Laugarrena euskal selekzioko Jokin Lizeaga izan zen, Egea bosgarrena eta Ait Chaou zortzigarrena. Azkenean, 20 urteko suitzarra, oso gutxigatik bada ere, ez da sailkapen nagusiko urrearekin egin. Ohore hori Tadei Pivk italiarrarentzat izan da. Egea bosgarren postuan sailkatu da, Valetudo taldeko Zinca zortzigarrenean eta Ait Chaou bederatzigarrenean.