Beti Gaztek eta Berriozarrek indartsu hasi dute Nafarroako Txapelketa
Nafarroako Goma Gaineko Txapelketa atzo abiatu zen, eta, lehen jardunaldian, Beti Gazte mutiletan eta Berriozar mistoetan izan ziren nagusi.
Mutiletan Beti Gaztek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Lesakako tiralariek gainerako bi taldeak nahiko erraz menderatu zituzten, eta horrekin argi eta garbi utzi zuten txapela lortzeko faborito nagusiak zeintzuk izango diren. Bigarren postuan, Txantreak amaitu zuen. Lesakarekin galdu egin zuen Txantreak, eta Berriozar menderatu egin zuen. Azken talde horrek itxi zuen sailkapena saio guztiak galduta.
Maila mistoan, berriz, Berriozar izan zen nagusi. Erraz menderatu zuen Kaskailueta, eta, Txantrearekin, berriz, sekulako lehia izan zuen; tiraldi gogorrak eginez, baina, azkenean biak irabazi zituen, lehen postua lortuz.
Bigarren postua izan zen Txantrearentzat, mutiletan bezalaxe. Berriozarrekin galdu egin zuen, baina Kaskailueta erraz hartu zuen mendean. Azken talde horrek itxi zuen sailkapena tiraldi guztiak galduta.