NOV. 07 2015 Aizkora Olasagasti eta Mindegia aurrez aurre izango dira Igeldoko aizkolari beteranoak eta Miel handiaren semeak Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatuko dute gaur arratsaldean, Zamudion. Jon LEUNDA Aste batzuetako atsedenaldiaren ostean, berriro ere badator Urrezko Aizkolarien Kopa, eta baita Urrezko harri-jasotzaileen saioa ere. Zamudion jokatuko da gaur 17.00etan hasita, eta bi kirol horietako kanporaketak jokatuko dira. Aizkoran, Joxemari Olasagasti eta Mieltxo Mindegia izango dira aurrez aurre. Bi aizkolari hauek lehenengo aldiz neurtuko dira elkarren aurka, bai behintzat lehiaketa ofizial batean. Joxemarik Miel Mindegiaren aurka askotan jokatu izan du, eta apustuak ere izan dituzte elkarren aurka, baina oraingoan Mindegiaren semea izango du aurrean. Mindegiarentzat bigarren kanporaketa izango da hau, aurrenekoan Kañamares III.a utzi baitzuen bazterrean. Orduan ere ez zen faborito, eta gaurkoan ere ez, baina aurrenekoa gainditu egin zuen, eta gaurkoan ere gauza bera egiten saiatuko da. Galtzeko ez du ezer eramango, eta horrelakoetan beti arriskua izaten da, lasai plazaratuko baita. Presio guztia Olasagastirena izango da, nahiz eta Igeldokoa honelakoetara ondo egokituta dagoen. Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki beharko ditu. Ez da lan ikaragarria, baina ezta txiki horietakoa ere. Irabazten duen aizkolariak moda-modan dagoen Iker Vicenteren aurka jokatu beharko du. Harri-jasotzea Leku berean jokatuko da baita ere Urrezko harri-jasotzaileen lehiaketako kanporaketa, eta bertan Xabier Aranburu eta Telleria III.a lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak zilindro kopa, minutu batean, kubikoa, bi minutuan, eta bola, hau ere bi minutuan, erabili beharko ditu, eta denak 100 kilokoak izango dira. Saio polita espero da, lana ere ez baita handia; beraz, azkar egin beharko dituzte jasoaldiak, minutuan edo bi minutuan atsedentxoak hartzeko oso tarte txikia geratuko zaie. Horrek saio oso bizia eragingo du, eta norgehiagoka oso polita izan daiteke. Bietan ezezagunena Aranburu da. Torneo batzuk eta erakustaldiak ere egin ditu, baina txapelketa ofizialetan orain arte ez da aritu izan. Hala ere, biak dira gazteak, eta nahiko berriak, eta horrek jendea erakarri egiten du, zaleak gauza berriak ikusteko irrikaz baitaude. Saio honetan garaipena lortzen duen kirolariak Inhar Urruzuno izango du aurrean hurrengo kanporaketan, eta han bestelako kontuak izango dira, bizkaitarra lehiaketa hau irabazteko faboritoen zerrendan baitabil. Telleria aterako da gaurkoa bereganatzeko faborito.