Sopelan jokatuko da Lauko Txapelketako bigarren saioa
Goma Gaineko Lauko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, eta Sopelako Ugeraga kiroldegian izango da 17.00etan hasita. 320 kiloko bigarren jardunaldia izango da, eta horren ostean jakingo dugu zeintzuk diren datorren larunbatean Ezpeletan jokatuko den finalean arituko diren taldeak.
A multzoan arituko dira Ñapurrak A, Murueta A, Ibarra A, Sokarri A, Amaiur eta Ibarra C taldeak; eta Ñapurrak B, Murueta B, Ibarra B, Sokarri B, Iparralde eta Atzera, berriz, B multzoan.
Gaurkoa bigarren jardunaldia izango da, eta pasa den asteko eta gaurko puntuak batu, eta multzo bakoitzeko hiru onenak lehiatuko dira finalean. Borroka polita izan zen lehen jardunaldian, eta gaurkoan ere horrelaxe izatea espero da.
Amaiur, Ñapurrak edo Ibarra finalean izango direla segurutzat jotzen da, baina horretarako aurreneko jardunaldiko lana errepikatu beharko dute. Beste batzuek, berriz, asko hobetu beharko dute euren jarduna.