NOV. 09 2015 HIMALAIA Errusiar laukote batek Thulagi Chuliren lehena sinatu du Ruslan Kiritxenko, Valeri Chamalo, Ivan Dojdev eta Aleksander Gukov Nepalgo Gandakiko eremuan dagoen zazpi milakoarenprotagonistak izan dira. Taldeak 1.850 metro luze den eta errusiar eskalan 6A zailtasuna duen «Happy birthday» bidea zabaldu du. Andoni ARABAOLAZA Aurreko astean aipatu genizuen lau errusiar emakumezkok Kirgizistango Alexander Block mendiaren ipar aurpegian dagoen “Gunko” bidearen lehen errepikapena egin zutela. Bada, hurrengo lerrootan berriro ere beste lau alpinista errusiar dira protagonista. Hori bai, gizonezkoak. Bai, Alexander Gukov, Ruslan Kiritxenko, Valeri Shamalo eta Ivan Dojdevek Nepalgo Gandakiko eremuan dagoen Thulagi Chuli mendiaren (7.059 m) lehen igoera sinatu dute. Hori bai, estilo alpinoan. Kasu honetan ez gara esplorazio baten ondoren igotako zazpi milako bati buruz ari; izan ere, errusiarren agerraldia baino lehen, Thulagi Chulik beste sei saio izan zituen. Beste era batera esanda, mendi hori igotzen sei espediziok jardun dute, baina guztiak ala guztiak esku hutsik itzuli ziren etxera. Talde errusiarrak lehen igoera hori poltsikoratu ahal izateko, “Happy birthday” izeneko bidea zabaldu zuen. 1.200 metroko desnibelean, espediziokideek 1.850 metroko marra zabaldu zuten. Zailtasun orokorra, berriz, errusiar eskalan 6A izan da. Lau alpinista errusiar, beraz, Nepalgo zazpi milako batean protagonista. Zalantzarik gabe, laukoteak talde indartsua osatu du. Gukovek, adibidez, iaz Thamserkuren hego-mendebaldeko aurpegia eskalatzeagatik Urrezko Pioleta jaso zuen. Shamalorekin batera, bestalde, Cholsatseko ipar aurpegian bide gogorra zabalduta dauka. Bi alpinista horiek, bederen, gure ingurumari honetan badute izena eta ospea. Thulagi Chuliren igoerari buruz, Gukovek adierazi du ia dena primeran atera zitzaiela: «Elur-jausi bat izan ezik, espedizio guztia oro har gorabeherarik gabekoa izan zen. Jakin bagenekien, beste sei espedizio saiatu zirela. Batzuek ipar aurpegia aukeratu zuten; guk, ordea, mendiaren hego-mendebala. Kanpaleku nagusia Dharmasa izeneko herrixkan antolatu genuen». Irailaren 11 zen. Hurrengo hamar egunetan zazpi milakoaren oinarrira eramango zituen bide egoki baten bila jardun zuten. Thulagi Chuli eta Phangi Himal mendien oinarrian glaziar bat dago, eta errusiarrak ohartu ziren beren helburua serac-ez josita zegoela: «Mendebal aurpegitik ipar-mendebalderaino, ia jarraian, seracez osatutako ‘gerriko’ bat zegoen. 4. 700 metrora kanpaleku bat altxatu genuen. Oraindik glaziarra ikusi gabe geneukan, baina iruditu zitzaigun gertu zegoela. Egun horietan eguraldiak ez zigun batere lagundu; lainoaz gain, euri asko egin zigun. Azkenean, egun horietako batean Valerik glaziarra ikusi zuela oihu egin zuen. Glaziarra ez zen batere erosoa eta kosta egin zitzaigun bide egoki bat aurkitzen. Lau aukera aztertu genituen, eta azkenean mendebaldeko aurpegian bide posible bat aurkitu genuen. Ez zen batere erraza izan, baina, bederen, egun horiek girora egokitzeko erabili genituen. Horretaz gain, aipatu behar dut 5.750 metroko garaieran kanpaleku aurreratu bat atondu genuela». Gukovek azaldu duenez, kanpaleku horrekin urrats garrantzitsua egin zuten. Dharmasara jaitsi ziren, eta bi eguneko atsedena hartu zuten. Irailaren 21ean zazpi milakoa igotzera irten ziren. Biharamunean, kanpaleku aurreratura heldu bezain laster, ezusteko desatsegin batekin egin zuten topo: «Elur-jausi batek gure kanpalekua suntsitu zuen. Denda bete-betean harrapatu zuen; eskerrak han ez ginen! 25 metro beherago aurkitu genuen, baina eskalatzeko tresneria elurraren azpian zegoen. Gaua hala moduz igaro genuen, eta biharamunean tresneria horren bila aritu ginen. Sei pioletetatik bi aurkitu genituen, eta beste bat gurekin generaman. Beraz, lau lagunentzat hiru piolet genituen. Horretaz gain, igoerarako Thamserkun erabili genuen bi lagunentzako denda bat bizkar-zakuan sartu genuen». Hobekuntza Nahiz eta ezbehar hori izan, errusiarrek aurrera jarraitzea erabaki zuten. Eguraldiak hobera egin zuen, eta alpinistok, bide posiblearen bi alboetara seracak zeudela ikusita, aukera hori baztertu zuten: «Oso arriskutsua zen, eta ezkerraldera jotzea erabaki genuen; hain zuzen ere, ipar-mendebaldeko ertzera ematen zuen izotzezko murru batera abiatu ginen. Oso arin, gainera: lehen aipatu dudan bi lagunentzako denda eta hiru egunerako janaria. Irailaren 24an, goizeko seietan, hasi genuen gure lana. 5.850 metrora geunden. Arrokan zein izotzean hainbat eta hainbat luze egin genituen. Izotzaren baldintza nahiko egokia zen, baina arrokaren kalitatea, aldiz, oso txarra. Arratsaldeko zazpietarako ertzera heldu ginen. Lekua nahiko egokia zen bibaka egiteko, eta, koba txiki bat antolatu ondoren, gaua bertan eman genuen». Errusiarrek aipatu dute eskalatutako izotzezko murru hori nahiko gogorra izan zela: «Lehen zatian 55°ko aldatsak igo behar izan genituen, baina, pixkaka-pixkaka izan zen arren, bidea tentetzen joan zen (70°). Goialdean geunden, 6.700 metroko garaieran. Izotzean eskalatzeaz gain, arrokan hiru luze egin genituen». Espediziokideen erritmoa nahiko ona zen, eta jakin bazekiten zorte pixka batekin biharamunean gailurra zapalduko zutela. Gaua igaro ondoren, errusiarrak goizeko zortzietarako pronto ziren: «Nahiz eta serac batean oso tentea zen luze bat izotzean igo genuen, aurretik genuen ertzak ez zuen ia zailtasun teknikorik. Luze hori gainditu ondoren, tontorrera eramango gintuen bidean elur asko zegoen. Aurrean genituen aldatsak 50 eta 60 gradu artekoak ziren. Ia tresneria guztia bidean utzi genuen, eta ia pisurik gabe baina mantso gailurra zapaltzeko azken metroak egin genituen». Azken metro horietan une bereziak bizi izan zituzten, batez ere, Dozjdevek. Egun horretan 29 urte bete zituen: «Ivanen urtemuga zenez, opari berezia eskaini genion. Gailurretik gertu ginela, azken metroak hark egin zituen. Beraz, Thulagi Chuliren tontorrera heltzen lehen alpinista izan zen. Arratsaldeko 15:30 ziren. Eguraldi bikaina genuen, eta hango ikuspegiak oso ederrak ziren. Mezu batzuk bidaltzen saiatu ginen, eta, argazki batzuk atera ondoren, jaistea erabaki genuen». Espediziokideek Thulagi Chuliren lehen igoera sinatu ondoren, 6.700 metrora atondu zuten bibakera jaitsi ziren: «Bi orduko jaitsiera izan zen. Biharamunean eta igotako bide beretik, kanpaleku aurreratura heldu ginen: erabat leher eginda, baina pozarren. Jaitsiera horretan, goialdetik hainbat arroka zati erori ziren, baina, zorionez, ez genuen minik hartu. Glaziarraren behealdean, 5.100 metrora, geratu ginen. Gaua han pasatu ondoren, hurrengo egunean kanpaleku nagusira iritsi ginen». «‘Happy birthday’ bidea igotzeko, beraz, bi egun (gau bat) soilik behar izan zituzten. Jaitsieran ere beste gau bat egin zuten: «Zazpi milakoaren lehen igoera dela kontuan izanda, uste dugu lan txukuna egin dugula. Batez ere, jakinda beste sei espedizio saiatu zirela. Bestalde, glaziarraren behealdean espedizio baten arrastoak ikusi genituen. Nortzuk ziren? Eta, nora zihoazen? Thulagira ala Phangira?». ESTILO ALPINOA Thulagi Chuli igotzeko bi egun behar izan zituzten errusiarrek. Lehen igoera honen aurretik, beste sei espedizio saiatu eta etxera esku hutsik itzuli ziren. «HAPPY BIRTHDAY» Izen hori hartu du espediziokideek zabaldu duten bideak. 1.850 metro luze da, eta errusiar eskalan 6A zailtasuna du. Oro har, eguraldiak lagundu zien. THULAGI CHULI Ruslan Kiritxenko, Valeri Chamalo, Ivan Dojdev eta Aleksander Gukov errusiarrak Nepalgo zazpi milakoaren lehen igoera egin dute.