Ion Larreategi, Maria Menoyo, Eloie Palazuelos, Aiala Salceda, Tatiana Terron eta Iraitz Zarraga
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasleak
KOLABORAZIOA

Hezkuntza, karramarroen pare

Marea artean bizi den artropodoa bezala, harrietara gogor helduta bizi behar duen izaki koitadua da Hezkuntza, sigla ezberdinetako olatuetatik babesten marea gora datorrenean eta kaioen mokokadetatik ezkutatzen, behera datorrenean. Noiz ibili ahalko da bere erritmo naturala markatzen? Eta noiz konturako dira karramarro horren kumeak izango direla kultura aniztasunaren jarraitutasuna bermatuko dutenak?

Hondartzak era askotako izaki bizidunak dituen moduan, gure lurraldea ere dibertsitate horren adibide da. Aniztasuna gaur egungo gizartearen parte da; beraz, zergatik ez hartu kontuan? Espainiar Estatuko kultura ez da bakarra eta heterogeneoa, eskualde ezberdinek kultura propioa dute, eta batzuek hizkuntza ere bai. Lomce mareak ekartzen duen zapalkuntza adierazgarria da eremu horietan, autonomia erkidegoek berenak dituzten hizkuntza koofizialak bigarren plano batera mugatzen baititu. Beharbada, hizkuntzak hondar artean ezkutatzen saiatu nahi dira hondartza berdina izan dadin punta batetik bestera? Ahalegin horrek hautazko bihurtu du hizkuntza koofizialen ikaskuntza, eta horrekin, nola ez, instituzionalki eskolan duten garrantzia.

Kanpo ebaluaketak aukera paregabea izan litezke karramarrotxoaren egoera konprobatzeko: gaixorik dagoen ala ez, aurrerantz joaten hasi beharko lukeen… Baina benetan hori al da kanpo ebaluaketaren helburua? Diagnostiko medikoa izan beharrean, miss eta mister karramarroen lista bat bezalakoa izango da. Gainera, ez da kontuan izango bakoitzaren jatorria; beraz, euren eskoletan eta herrian ikasitako hizkuntza eta kultura, maiz, ez dira kontuan hartuko. Hau da, marko komun batean ebaluatuak izango dira Estatuko ikasle guztiak. Horrek eragin lazgarria izan dezake haurren ikasketa-prozesuan; izan ere, ikastetxeen helburua proba horietan ahal den notarik hoberena lortzea izango denez, ebaluazio-probak egingo diren kurtsoetan irakasleen lana proba horiek aprobatzera bideratuko da guztiz, eta ez umeen ikaskuntza esanguratsura.

Karramarro horri tresna egokiak emanez gero, babesteko arazoak desagertuko lirateke eta era osasuntsuan hasiko litzateke, baina gainera datorkiona ez da batere itxaropentsua…

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Heziberri 2020 proiektuak aldaketak dakartza hezkuntzan, eta hasiera batean Lomceri aurre egin arren, amen egitea baino besterik ez da geratzen. Izan ere, proiektu euskaldunak ez du ia ezer zehazten, dena indarrean dagoen legeriaren esku uzten du. Azken batean, txapela duen Lomce dugu Heziberri 2020. Hala ere, alde positiboa ere badu: euskarari Lomcek baino garrantzi handiagoa ematen dio. Baina azken finean hondartzan gaude, zergatik ez busti pixka bat gehiago?

Badirudi Heziberrik euskarari garrantzi handiagoa ematen diola, baina hori guztiz betetzen al da? Heziberri 2020k ez du finkatzen ikasleek oinarrizko hezkuntza amaitzean zer euskara maila izan beharko luketen. Hortaz, eskola bakoitzak bere Hizkuntza Proiektuan zehaztuko du, kontuan hartuz bere inguru soziolinguistikoa. Inguruaren eragina kontuan hartzea garrantzitsua bada ere, konponbidea ez da zona bakoitzean hizkuntz gaitasun ezberdina finkatzea, baizik zona bakoitzari beharrezkoak diren aparteko baliabideak eskaintzea. Modu honetan, ghettoak sortzea saihestuko dugu, hau da, lurraldeen arteko euskara-gaitasun mailako ezberdintasuna gero eta handiagoa izatea, eta ikasle guztiek euskaran maila ona izango dutela bermatuko da.

Aipatzekoa da ingelesarekin gertatu den aldaketa. Plan berri horren arabera, ikastetxeek nahi beste irakasgai hizkuntza horretan irakasteko aukera izango dute, matematika eta natura zientziak, kasu. Horrek eremu batzuetan euskara kaltetzea ekar dezake. Izan ere, jakina da eskola batzuek euskalduntze prozesuari atxikitzeko erreparoak izan zituztela, eta curriculumaren aldaketa horrekin bidea libre izango dute euskara alde batera uzteko. Heziberri 2020ren hitzetan, «hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarritu behar da, hau da, hizkuntzak erabilera sozialean eta akademikoan ikasten dira, eta komunikazioaren behar pragmatikoak dira kodea menderatzeko bidea jartzen dutenak». Baina euskara eremu sozialean zein akademikoan murrizten bada, nola bermatuko da euskararen ezagutza? Euskarak hezkuntza eleaniztunaren ardatza izan behar badu, euskararen jakintza ziurtatu behar da hizkuntza berriak sartu aurretik.

Noiz ulertuko dugu gure hezkuntzak gure kultura eta hizkuntza bermatzen dituela? Gure karramarroak desagertzeko zorian amaitzea nahi dugu? Izaki bizidun bat hiltzen denean bizia galtzen den moduan, hizkuntza bat desagertzeak mundua ikusteko modu bat galtzea ekarriko du.