NOV. 27 2015 HIRIGINTZA ETA EUSKARA AZTERGAI UZTARITZEN Ene txalet maitea, belardi ertzean… Negar egiten duzu euskara entzutean Ikusmina sortua zuen Unai Fernandez de Betoño arkitektoak Uztaritzen asteartean eman zuen hitzaldiak: euskara eta hirigintza? Landareria aniztasun handiena dagoen eremuan, tropikoetan, dago hizkuntza aniztasunik handiena. Loturaren bat bada hortaz… zer paisaiak nola eragiten dio euskarari? Last update: NOV. 27 2015 - 06:46h G. M. ZUBIARRAIN Barrenean zen giro astearte gauean. Epelaren akuilu beharrik gabe bertaratu zen baina entzule sorta UEUko kidearen gogoeta aditzera euskara kinkan den herrialdean. Uztaritzeko Udalaren bultzadaz bigarren aldiz, euskara eta hizkuntza politikak aztergai antolatu duten UztaHitzan gogoeta astearen irekiera hitzaldia zen: hirigintza eta euskara. Alkate makila duen Uztaritze Bai taldeko hautetsi ugari ziren entzuleen artean, belarriak txorrotx. Konstatazio batekin ekin zion Fernandez de Betoño gasteiztarrak tesia harilkatzeari: «Lurra mugatua da, eta lurrik onenak okupatuta daude, edo nork okupatu borrokan gabiltza». Geografiaren gain «botere harreman bat» ezarria dagoela erakutsi nahi zuen. Badagoela «segregazio espazial» bat ekonomian, jendartean, islatzen dena, eta baduela horrek ere isla hizkuntzetan. Azken bi hamarkadetan indartu den herri ereduarekin kritiko agertu zen Fernandez de Betoño. Jakina da «suburbanizazioak», hiriaren antolaketa sakabanatuak alegia, txalet ereduak, badituela «eragozpen galantak ingurugiro aldetik». Autoa oinarri duen mugikortasuna eskatzen du, eta noranahi errepideak egin beharra. AEBen eredu horrekin «zinez kezkatuta» dabiltzala aipatu zuen, petrolio gabeziako arorako mantenezina delako. Beste eragozpen bat ere gehitu zion baina: eredu «hipermugikor» horrek kalte egiten dio minorizazio egoeran dagoen hizkuntza komunitateari. Suburbanizazio prozesu horretan urrunen joan den euskal lurraldeko, Lapurdiko, adibideak atera zituen mahai gainera: Donibane Lohizuneko Alturan auzo ekologikoa, Senpereko lakuaren inguruan eraiki dena, edota Basusarriko golfaren ingurukoa. Guztiak ere, erdiguneetatik zinez aparte direnak. Hari horri tiraka, entzule eta hizlariaren arteko puntu-saioan, hara gogoeta: hirigintza eredu horrek «ahozkotasuna kaltetu» eta erdarak jaun eta jabe diren teknologia berrien bidezko nahiz mass medien bidezko sozializazioa indartzen du. Hirigintza politikek gure komunikazio ohituretan eragina dutela konturatzea nahi zuen Betoñok. Paralelismoa trazatu zuen ideia argitzeko: ikasgela batean aulkien kokapenak eragin zuzena du bertan sortuko den giroan. Berdin hirigintzarekin. Euskararen egoera oso ezberdina dela tokian toki esan zuen Betoñok: «Batzuetan hizkuntza nagusia da, beste batzuetan ez du ia presentziarik». Eta punturik beltzenak hiriak dira. Eta hirigune horietako hizkuntza komunitateak, erdal elebakarrak, euskararen «arnasguneak» diren gune euskaldunagoetara zabaltzen ari dira, suburbanizazio prozesuaren ondorioz. Ipar Euskal Herriko bi mapa gainjarri zituen: herriz herri euskararen ezagutza adierazten duena bata, eta suburbanizazio mailaren arabera Ipar Euskal Herrian era litezkeen lau esparruak trazatzen dituena bestea: bat zetozen biak. Suburbanizazioak aurrera, euskarak atzera. Bizkaiko adibidea ere jarri zuen: Durangaldean, Lea-Artibain eta Mungia aldean euskarak nabarmen atzera egin du. Hain justu, azken urteotan, AP-8a eta autobide berriak baliatuz, suburbanizazioa ezagutu dute eskualde horiek. Aland uhartedia «Erreserbak» sortzerik ez zuela nahi argi utzi zuen. Batetik ezinezkoa delako, bestetik ez delako zuzena. Hainbat gauzari muga jarri behar zaiola argi dugula zioen: finantza munduari esaterako, edo lantegien kutsadurari. Ez al da hori ere hizkuntza komunitatera eramatea komeni? Europar Batasuneko uhartedi baten kasua aipatu zuen: Aland uharteena, Suedia eta Finlandia artean. Estatus berezia du eta baldintza oso jakinak eskatzen zaizkio, hizkuntza babeste aldera, hara joan nahi duenari: hizkuntza jakitea, negozio bat sortzeko aurretik han bizi beharra… EBk ontzat emana du eredu hori. Euskararen arnasguneak babesteko, ez al da hirigune handiak zentrotzat dituen garapen eredutik zentro anitzeko beste batera pasatu behar? Ez al du euskarak arnasgune geografikorik behar hizkuntza nagusi bihurtuko bada? Galdera horiek luzatu zituen Fernandez de Betoñok. Gogoeta hasita dago. Igela babesteko hirigintza planak aldatzen dira. Oso ondo. Eta hizkuntza komunitate bat babesteko, ez?