NOV. 28 2015 sokatira Mutilen 300ekoa eta nesken 260koa jarriko dira abian Anoetan J.L. Anoetan abiatuko dira Euskadiko Lauko Txapelketako azkeneko bi mailak. Gaur, 17.00etan hasita, jokatuko dira mutilen 300eko eta nesken 260ko aurreneko jardunaldiak. Mutiletan hiru multzo izango dira, eta bi jardunaldi jokatu ostean, bakoitzeko bi onenek lortuko dute finalerako txartela. A multzoan, Ñapurrak A, Ibarra A, Berriozar A, Sokarri A, Atzera eta Baiona A arituko dira lanean. B multzoan, berriz, Ñapurrak B, Ibarra B, Berriozar B, Sokarri B, Murueta eta Txantrea. Azkenik, C multzoan, Ñapurrak C, Beti Gazte, Baiona B, Iparralde eta Amaiur izango dira lehiatuko diren taldeak. Ibarra izan da 320ko talderik onena, eta beraiek eraman dute orain arte banatu den txapel bakarra. Oraingoan ere faboritoen zerrendan agertzen da talde gipuzkoarra, baina berriro ere Ñapurrak eta Amaiur ere oso kontuan hartu beharreko taldeak izango dira. Neskak Neskak orain arte ez dira aritu, eta gaur jokatuko dute euren lehen jardunaldia. 260 kiloan lehiatuko dira eta lau talde direnez, hiru jardunaldiko liga jokatuko dute. Hor punturik gehien batzen duen taldeak lortuko du txapela. Ibarra, Badaiotz, Bizindar eta Txantrea dira lanean arituko diren lau taldeak. Ibarra eta Badaiotz agertzen dira faborito, eta gaurko tiraldiak garrantzitsuak izango dira, hor ikusiko baita talde bakoitzak izan dezakeen maila. Azken urte hauetan gipuzkoarrak eta arabarrak beste guztien gainetik agertu dira, eta ez dirudi aurten hori aldatuko denik. Beste dema Txantrearen eta Bizindarren artekoa izango da, azken ez geratzekoa.