DEC. 01 2015 Besarkada bat opari Uxue Alberdik eta Maite Gurrutxagak «Besarkada» album ilustratua osatu dute, koplez batak eta irudiz besteak. Helduei zuzendutako lana besarkada baten prozesuaz mintzo da; jasotzekoa eta ematekoa den beharraz eta gaitasunaz. Liburua bideo ere bihurtu dute, ilustrazio animatuekin eta Alberdik berak kantatutako bertso musikatuekin. A.K. DONOSTIA Besarkada baten ibilbide zirkularra, irudiz eta hitzez. Besarkatzeko beharraz eta haiek jasotzekoaz. Badira urte batzuk Uxue Alberdik besarkada bat kontatu eta kantatu zuenetik. Ordu hartan sortu zituen koplak etxean grabatu zituen, kantuz pentsatutakoa hitzez jartzeko. Eta bide propiorik ere izan dute denbora horretan bere kabuz. «Besarkada baten beharrean zegoen lagunen bati bidali izan diot eta funtzionatu izan du. Mezua iristen da. Niri balio izan didate kopla horiek eta pentsatzen dut beste norbaiti ere baliagar ri izango zaizkiola», adierazi zuen bertsolari elgoibartarrak. Eta hortik bigarren ildo bat hartu du orain Alberdik kopla gisa sortutakoak Maite Gurrutxagak erantsi dizkion ilustrazioen bitartez. Emaitza, “Besarkada” (Elkar) izeneko lana da, helduentzat egindakoa, nahiz eta usu ilustrazioekin egindako lanek haurrenganako bidea hartzen duten. Interpretazio askea Besarkada bat, bere horretan, interpretazio anitzeko ekintza bat izan daiteke eta era askean egin du irakurketa hori Maite Gurrutxaga ilustratzaileak. «Ilustratzaileekin lan egiten dudanean gustatzen zait nire irudi guztiak ematea. Baina kasu honetan nahiago nuen Maitek bere besarkada propioa ilustratzea», esan zuen Alberdik. Eta halaxe egin zuen Gurrutxagak, askatasunez irudikatuz Alberdiren kopla haiek iradokitzen zuten besarkadaren ibilbidea. «Irakurketa librerako aukera eskaintzen denean dena hazi egiten da», gaineratu zuen marrazkilariak. Hartara, neskato baten bitartez marraztu du besarkada baten ibilbidea. Nola haurrak besarkadak jasotzeko beharra duen eta nola aitak besarkadak emateko duen hesia apurtzen laguntzen dion. Nola eskaintzen dizkioten beren besoak batak besteari. Hori guztia formatu animatuan ere eskaini dute bi egileek. QR kode baten bitartez, ilustrazioekin bideo musikatu bat sortu dute. Ruben Caballerok jarr i dio musika Alberdik berak –eta Eñaut Elorrietak– abesten dituen koplei eta Arkaitz Barriola arduratu da irudiei bizitza emateaz, azken emaitza bost minutu pasatxoko iraupena duen bideo animatua delarik.