DEC. 05 2015 sokatira Lauko Txapelketako azkeneko kanporaketa jokatuko da J.L. Euskal Herriko Lauko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko da mutilen 300ekoan zein nesken 260koan. Artziniegako pilotalekuan izango da norgehiagoka, 17.00etan hasita. Mutilak hiru multzotan banatuta lehiatuko dira, eta bigarren jardunaldia dela kontuan hartuta, horren amaieran multzo bakoitzeko aurreneko bi postuetan amaitzen dutenek jokatuko dute finala. Mutiletan, Ñapurrak A, Ibarra A, Berriozar A, Sokarri A, Atzera eta Baiona A lehiatuko dira A multzoan. Ñapurrak B, Ibarra B, Berriozar B, Sokarri B, Murueta eta Txantrea lehiatuko dira B multzoan, eta azkenik, Ñapurrak C, Beti Gazte, Baiona B, Iparralde eta Amaiur C multzoan. Nesketan lau talde dira, eta ondorioz multzo batean ari dira lehiatzen. Hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta horren ostean punturik gehien dituen taldeak irabaziko du. Ibarra, Badaiotz, Bizindar eta Txantrea neurtuko dira. Lehen jardunaldian Ibarrak irabazi zuen, eta berriro ere garaipena lortuko balu txapela ia eskuetan izango luke. Badaiotz du aurkaririk zailena.