DEC. 07 2015 HIMALAIA Heriotzak jarduera bikainak iluntzen dituenekoak Gerhard Fiegl austriarra Alexander Blumel eta Hansjorg Auer kideekin Hego Nilgiriko hego aurpegiaren lehen igoera egin eta gero hilzen. Justin Griffin estatubatuarra, berriz, Skiy DeTrayrekin Tawocheko ipar-ekialdeko zutoinean bide berria ireki eta jaitsieran hil zen. Andoni ARABAOLAZA Urrian eta azaroan, hogei eguneko tartean, Himalaiako bi seimilakotan pare bat jarduera bikain egin ziren. Bata, Hego Nilgirin (6.639 m); bestea, Tawocheko (6.541 m) ipar-ekialdeko zutoinean. Biak ala biak estilo arinean egin ziren, eta zailtasun tekniko handiak dituzte. Baina, zoritxarrez, biak ala biak oso emaitza txarrarekin bukatu ziren; izan ere, espedizio bakoitzeko kide bana jarduera horietan hil ziren. Biak ala biak, gainera, jaitsieretan. Nilgirikoan Gerhard Fiegl zendu zen, eta Tawochekoan, Justin Griffin. Nahiz eta bi eskalada horiek oso onak izan, asko dira (besteak beste, protagonistak) esaten dutenak hildako bat tartean bada egin den aktibitatea porrota izan dela. Hori gertatu zaie bi espedizio horiei, heriotzek kirol emaitzak erabat ilundu dituzte. Zendutakoen egoera bere horretan mantenduko denez, hurrengo lerrootan Hego Nilgirin zein Tawochen sinatu diren bi eskalada horiek jorratuko ditugu. Lehenik eta behin, Annapurnako mendilerrora goaz; izan ere, han Nilgiri Himal mendilerroak dituen hiru tontorretatik txikienera, Hego Nilgirira, Alexander Blumel, Hansjorg Auer eta Fiegl bera abiatu ziren. Mendiaren hego aurpegia oraindik igo gabe zegoen, eta hirukote austriarraren xedea lehen igoera poltsikoratzea zen. Hasteko eta behin, alpinistok hurbilketa bide nahiko zaila izan zuten. Azkenean, kanpaleku nagusia 4.600 metroko garaieran antolatu zuten; hain zuzen ere, mendiaren azpian dagoen morrenan. Lekua ez zen batere erosoa (kosta egin zitzaien dendak altxatzea), beste espedizio batzuk baino 350 metro gorago ezarri baitzuten. Auerrek aurreratu duenez, girora egokitzeko ere komeriak izan zituzten: «Beste kanpaleku batzuk atontzeko zailtasun handiak zeuden, eta, beraz, buruhausteak izan genituen. Ni, bederen, nahiko ondo iritsi nintzen; izan ere, Kenya mendian (5.199 m) Reinhold Messner egiten ari zen dokumental batean lanean jardun nuen. Lehen bibaka 5.200 metrora antolatu genuen, igo nahi genuen bidearen oinarritik 150 metrora. Han bi gau igaro genituen. Girora egokitzeko soilik bi gau izan genituen; zoritxarrez, ez genuen beste aukerarik». Urriaren 23an, oso goiz, lo-zakuetatik irten eta eskaladari ekin zioten: «Oraindik gaua zen, eta lehen 600 metroak kopetako-argiarekin eskalatu genituen. Arroka nahiko puskatuta zegoen, eta izotzezko sekzioak oso tenteak ziren. Tarte horiek arriskutsuak zirenez, gauez egitea erabaki genuen. Azkar joan behar ginen, eta horregatik sokaburuak eskalatu ondoren, beste bi kideek sokatik jumareatzen zuten. Arazo handiena izotza zen: oso gogorra zegoen. Sekzio hori saihestu ahal izateko, dorre batera eskalatu genuen, eta hortik gailurreriara eramango gintuen bidea eskalatzea falta zitzaigun. Finean, dorre horrek alternatiba seguruagoa eskaini zigun, eta, gainera, estetikoa zen». Austriarrak dorrearen goialdera (6.780 m) iritsi ziren (benetako gailurretik 60 metro beherago), baina hego tontorrera heltzeko oraindik ibilbide zaila zuten aurretik. Lehenik eta behin, dorrearen ipar ertzetik jaitsi ziren, ondoren leku oso arriskutsu batean hainbat rappel egin zituzten eta urriaren 25ean, goizeko hamaiketan, gailurra zapaldu zuten. Era horretara, Blumel, Fiegl eta Auerrek mendiaren hego aurpegiaren lehen igoera poltsikoratu zuten. Aurretik bost saio izan zituen. Gainera, Hego Nilgiriren bigarren igoera izan da. Aukeratutako zein eskalatutako bideak zailtasun tekniko gogorrak izan zituen: M5 eta 90°. Baina, arestian aipatu dugunez, jaitsieran Fiegl zendu zen. Auerrek adierazi duenez, argi zuten igotako bidetik ezin izango zutela jaitsi: «Oso arriskutsua zen, eta, beraz, hego-mendebaldeko ertzetik jaistea erabaki genuen. Ez genuen beste aukerarik. Hori bai, gailurrera iritsi baino 200 metro lehenago, susmoa nuen zeozer gertatzen ari zela. Dorrea eskalatzen ari ginenean, Gerhard motel zebilen. Gailurra egin eta gero beste leku batetik jaistea zen aukera bakarra. Tontorrean soilik bi minutu egin genituen, eta argi geneukan zegoen haizetearekin helikoptero batek ezin zuela ezer egin. 6.500 metrora geundela, bibaka egin genuen. Biharamunean hobeto zegoen, baina soilik bi ordu iraun zuen. Une batean irrist egin eta erortzen hasi zen. Ez zuen indarrik gelditzeko, eta 800 metro amildu zen». Bitartean, Blumel eta Auerrek jaisten jarraitu zuten. Oso leku teknikoetatik, gainera; izan ere, aseguratzeko zein rappelatzeko tresneria guztia erabili zuten. Lau ordu beranduago, glaziarrean ziren: «Helikopteroarekin pare bat hegaldi egin genituen Gerhard aurkitzeko, baina ezinezkoa izan zen. Bigarren hegaldi horretan ohartu nintzen eskalatutako bidea ikaragarria izan zela; gure mugetatik gertu ibili ginen. Gerhardek lan handia egin zuen izotzezko zein mistoko sekzioetan; uste dut inoiz egin zuen bide handiena eta zailena izan zela. Herri berean hazi ginen, eta lagun bat hiltzen denean, gainerako guztiak ez du ezertarako balio». Bide berria Tawocheko espedizioan, berriz, Justin Griffin eta Skiy DeTray estatubatuarrek jardun zuten. Berez, Ngadi Chuli mendia (7.871 m) eskalatzeko asmoa zuten, baina, azkenean, Tawoche izan zen protagoniston xedea. Helburu arras ezaguna. Bai, seimilako horretan goi mailako bideak zabaldu dira, eta haien protagonistak dira Jegg Lowe, Mick Fowler, Ueli Steck, Renan Ozturk... Bada, mendiaren ipar-ekialdeko zutoinean alpinista estatubatuarrek marra berri eta gogorra zabaldu zuten. Horretarako, bost eguneko lan eskerga behar izan zuten egin. Skiy DeTrayk azaldu duenez, Tawocheko ipar horma oso gogorra eta teknikoa da: «Nepalgo mendiak bere osotasunean kontuan hartzen baditugu, izotzezko zein mistoko luze gogorrenak Tawochek ditu. Alaskako Hunter mendiaren zailtasun berak ditu, baina Tawochek garaiera handiago du. Azken 40 urteotan, Tawochek makina bat bisita izan ditu, eta harritu gaituena da jardun genuen eremua igo gabe zegoela». Igo nahi zuten marra aztertu ondoren, azaroaren 9an eskaladari ekin zioten. Egun horretan 5.000 metrora heldu eta izotzean plataforma txiki bat eratu ondoren, gaua igaro zuten. Biharamunean, M5 eta M6 zailtasuneko bost luze tekniko egin zituzten. Eta oro har, azken egunean bezala, zailtasun teknikoak gogorrak izan ziren: «Inoiz eskalatu dudan egunik onena izan zen. AI5 eta M5 /R graduko sekzioak eskalatu nituen. Eta hori 6.100 metroko garaierara, eta 1.200 metroko hutsunearekin». Azaroaren 14an, estatubatuarrak tontorreko plateaura iritsi ziren. Baina, gailurra 12 ordura zutenez, jaisteko erabakia hartu zuten. «Erabat leher eginda geunden. Arnesak berriro jartzeko pronto ginenean, Justin izotzezko tarte erraz bat jaisten hasi zen. Izotza gogorra zen. Irrist egin zuen. Harengana iritsi nintzenean hilda zegoen. Justin han utzi eta bakarrik jaisten jarraitu nuen», dio Detrayk. HEGO NILGIRI Alexander Blumel, Hansjorg Auer eta Gerhard Fiegl austriarrek seimilakoaren hego aurpegiaren lehen igoera sinatu dute. TAWOCHE Skiy DeTray eta Justin estatubatuarrek, berriz, mendiaren ipar-ekialdeko zutoin teknikoaren lehen igoera sinatu dute. ISTRIPUAK Hego Nilgiriko hego aurpegian zein Tawocheko ipar-ekialdeko zutoinean eginiko eskaladen osteko jaitsieretan Gerhard Fiegl eta Justin Griffin zendu ziren.