DEC. 07 2015 sokatira Ibarrak eskura dauka emakumezkoen 260ko lauko txapela J.L. Emakumezkoen Lauko Euskal Herriko txapela eskura dauka Ibarrak, bigarren jardunaldia ere irabazi egin baitzuen. Lehen jardunaldian izan ziren emaitza berak errepikatu ziren. Jardunaldi bat geratzen da, eta une honetan bi puntu kentzen dizkio bigarren dagoen Badaiotzi. Ikaragarrizko ezuste handiren bat ez bada gertatzen amaierako saioan, txapela Ibarrara joango da. Ibarrak jokatu ziren saio guztiak irabazi egin zituen. Bigarren postuan sailkatu zen Badaiotz, Ibarrarekin berdindu eta gainerako tiraldiak irabazita. Hirugarren sailkatu zen Txantrea, Bizindarri bakarrik irabazita, eta arabarrek jokatutako saio guztiak galdu egin zituzten. Mutilak Mutilak, 300 kiloko mailan lehiatu ziren, eta multzoen bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen, datorren larunbatean finala izango baita. Hiru multzotan banatuta aritu ziren aurreneko lehen bi jardunalditan, eta bakoitzeko bi onenek jokatuko dute finala. Ñapurrak A, Sokarri A, Ibarra B, Ñapurrak B, Beti Gazte eta Amaiur lehiatuko dira txapelaren bila. Lehen multzoan, Ñapurrak A izan zen onena, eta bigarren postuan berdinduta amaitu zuten Berriozarrek eta Sokarrik. Horien atzetik amaitu zuten Atzerak, Ibarra A taldeak eta Baionak. Bigarren multzoan, Ñapurrak B izan zen onena, eta atzetik, Ibarra B, Sokarri B, Murueta eta Berriozar sailkatu ziren. Azkenik, hirugarren multzoan, Beti Gazte eta Amaiur berdinduta geratu ziren aurreneko postuan, eta atzetik, Txantrea B, Baiona B eta Ñapurrak C sailkatu ziren. Jardunaldi bakarra geratzen da Lauko Txapelketari amaiera emateko.