DEC. 07 2015 ZIRIKAZAN Zer gehiago, armak hartzeko? Last update: DEC. 07 2015 - 00:07h Josebe EGIA Mundu osoko emakumeok saminduta eta suminduta egon beharko genuke, sutan! Egon beharko genuke, halaber, elkar tinko hartuta eta altxatuta, eta, neurriak benetan hartzen direla egiaztatu arte, baita lanuztea eginda ere, geure soldatekin –ahaleginarekin, denborarekin eta, finean, bizi-kalitatearekin– egiten ari zaizkigun iruzurrak direla-eta. Egon beharko genuke andrazko guztiok, kanpoan edota barruan langileak guztiok garelako, erabat aztoratuta. Ondokoak jakinda, ez baitago bestelako erreakzio bat izateko betarik. Gurean (datuak 2013koak dira), Nafarroan emakumeok gizonek baino %27,9 gutxiago kobratzen genuen 2008an, eta %30,5 gutxiago bost urte beranduago. EAEn, berriz, lehen %23 gutxiago kobratzen genuen; orain, %25,2 gutxiago. Mundu mailan, World Economic Forumen (WEF) azken txostenak neurria jarri dio arraila nonahikoari: egungo martxan, 118 urte beharko lirateke emakumeek gizonek besteko soldata izateko, 118! Gehiago ere esan du: «Azken 10 urteotan, herrialde bakar batek ere ez du lortu parekotasunik; lan-merkatuan 250 milioi emakume gehiago badaude ere, une honetako haien batez besteko soldata zertxobait txikiagoa da gizonezkoek duela hamarkada bat zutena baino». Ondotxo dakigun bezala, arrakala ulertezin horretatik salbu inor egon ez arren, Europako iparraldeko herrialdeak dira soldata-berdintasunetik gertuen daudenak; ondotxo dakigun bezala, bertan dituztelako familien kontziliazio eta zaintzarako politikarik aurreratuenak, esan nahi baita justuenak eta adimentsuenak, alegia, jendarte osoaren onura gogoan eginak. Denok baldin badakigu ondotxo, politikari jaun-andre eta enpresaburu jaunak (eta zenbait andre), hemen zergatik ez zarete ari eredu horietarantz egiten, azkarrago? Zergatik saltzen dituzue iruzurrak, adibidez, emakumeen lanaldi partziala kontziliazioa ahalbidetzeko bitartekoa dela, partziala hartu beste aukerarik ematen ez diezuenean? Zergatik ez duzue ezabatzen kolpe batez nork berean soldaten arteko aldea, zergatik ez egin hain gauza erraza? Iparraldekoekin alderatuta, kultura aipatzen da maiz, desberdinak garela pentsaeraz, izaeraz. Bai, jakina, beste kultura bat dago hemen: emakumea ehunka modutan gutxiesten jarraitzekoa, edo, bederen, hori gerta ez dadin atzamarrik ez mugitzekoa. Zinez kezkagarria da, horiek horrela, nolatan ez gauden emakumeok asaldatuago, bat eginago eta armak (irudizkoak, jakina) eskuan.