DEC. 10 2015 Islandiara joaten ziren baleontzien istorioa, gazteei kontatuta Nafarroako Ikastolen Elkarteak euskarara eta ingelesera ekarri du «1615 Islandia: Gartziaren istorioa», Tapio Koivukarik finlandieraz idatzitako ipuina. Kontakizunaren oinarrian 1965ean Islandian erail zituzten euskal arrantzaleen gertakaria dago. Last update: DEC. 10 2015 - 06:38h GARA IRUÑEA Laurehun urte igaro dira Islandian balearen ehizan zebiltzan 32 euskal arrantzale erail zituztenetik. 1615eko irailean, ekaitz batek baleontzia txikitu ondotik, Islandian hilabete luzez geratu beharrean suertatu ziren euskal arrantzaleak eta, bertako agintariekin arazoak izan ostean, euskaldunak akabatzeko agindua eman zuten. Aurten, hedabideetan albiste izan da Islandiako Gobernuak euskaldunak hiltzea baimentzen zuen legea indargabetu izana eta, horren harira, Etxepare Institutuak eta Islandiako-Euskal Herriko Lagunen Elkarteak kongresua egin zuten Reykjavic-en eta berradiskidetze ekitaldia ere egin zuten, aurtengo apirilean. Historiako pasarte horretan oinarrituta, Tapio Koivukari idazle finlandiarraren “1615 Islandia: Gartziaren istorioa” liburua aurkeztu zuen atzo Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Liburua finlandieraz idatzia bada ere, ostean islandierara itzulia izan zen eta, aipatu elkartearen ekimenez, orain euskaraz eta ingelesez ere irakur daiteke. Argitalpenak Gartzia Aranbururen istorioa kontatzen du. Orain 400 urte, euskal kostaldeko mutil gazte hau baleontzi batean kontratatuko dute upelgile ikasle modura. Tripulazioa Islandiara bidean doa, balea ugari ehizatu eta onura ekarriko dien bidaia dela sinetsita, baina zenbaitek mespretxuz begiratzen diote Martin de Villafranca kapitain handinahiari. Behin Islandian, Gartziak hainbat lagun egingo ditu, tartean Kristrun neskatila gaztea, eta, etxeratzeko ordua iristean, bat-bateko ekaitzaren ostean baleontzia hondoratu eta arrantzaleek lur ezezagun horretan harrapaturik ikusiko dute euren burua. Berehala ohartuko dira bertako bizilagunek mehatxutzat dituztela orain euskaldunak. Munduarekin konektatzen Liburuaren aurkezpenean azaldu zutenez, argitalpenaren helburua «gure ikasleei euskal historiaren parte den liburu hau eskaintzea da; ikastola bezala munduarekin konektatzen gaituen liburua eta nafar itsas bizitzari aipamen egiten diona». Era berean, istorioak «gure arbasoak zein egoera latzean bizi ziren» agertzen duela gaineratu zuten. Argitalpena munduko hainbat txokotan osatu dela ere azaldu zuten: Finlandian idatzia izateaz gainera, Xabier Irujo Historia Garaikidean doktore eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikideak koordinatu du Renotik, Uruguain editatu dute, Donostian inprimatu da eta marrazkiak (Fidel Azkoaga Igartza elorriarrak egin ditu ilustrazio lanak) eta tapakiak, aldiz, Iruñean egin dituzte. «Hau guztia posible izan zedin, ezinbestekoa izan da Irujoren koordinazio lana», nabarmendu zuten. MUNDURATZEA «Gure ikasleei euskal historiaren parte den liburu hau eskaintzea da helburua; ikastola bezala munduarekin konektatzen gaituen liburua eta nafar itsas bizitzari aipamen egiten diona», azaldu zuten aurkezpenean.