DEC. 14 2015 Aizkora Otaegi izango da finalean arituko den hirugarrena Zizurkildarrak hasieratik hartu du aurrea, eta amaieran hiru minutuko tartea kendu dio Lopezi. Jon LEUNDA Joseba Otaegik lortu zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Kopako finala jokatzeko azkeneko txartela. Zizurkildarrak amaieran hiru minutu pasako tartea kendu zion Juanjo Lopezi. Zizurkilgoa zen irabazteko faboritoa, eta are gehiago etxean arituta, eta ez zuen hutsik egin. Sarrera polita izan zen hirugarren finalerdia ikusteko. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Hasierako enborrean bakarrik egon zen oreka; bakoitzak minutu eta erdian bota zuen, baina, hortik aurrera, Zizurkilgoa jaun eta jabe izan zen, eta lan erdietarako tarte handi samarra zuen, ia bi minutuko zuloa egina baitzuen gipuzkoarrak. Lan erdiak amaitzeko, 14 minutu eta 48 segundo behar izan zituen Otaegik, eta, 16 minutu eta 35 segundo, berriz, Juanjo Lopezek. Ordurako Josebak garaipena bideratua zeukan, baina lanean jarraitu beharra zegoen, eta horixe egin zuen. Aldeak handitzen jarraitu zuen, eta amaierarako hiru minutu pasako alde hori zegoen. 34 minutu eta 41 segundo pasatu zituen Joseba Otaegik lanean, eta, 37 minutu eta 47 segundo, berriz, Juanjo Lopezek. Finala abenduko azkeneko egunean jokatuko da Asteasun, eta oso norgehiagoka erakargarria geratu da. Hiru aizkolarirekin jokatuko da azkeneko saio hori, eta bi gipuzkoar eta nafar bat izango dira, eta hirurak ere Euskal Herriko Lehen Mailako finalean aritutakoak dira. Bat, Atutxa, azken bi urteotako txapelduna. Bestea, Azurmendi, txapelduna izandakoa, eta hirugarrena, Otaegi, Gipuzkoako txapelduna izandakoa. Lana ere jendeari gustatzen zaion horietakoa da, lan luzea, eta, Asteasuko jaialdiak izaten duen arrakasta kontuan hartuta, aurtengoan harmailak betetzeko ez dago inongo aitzakiarik. Kopako lehiaketa hau aurreneko aldiz egin da era honetan, eta gauzak ongi irten dira. Orain arte Urrezko Aizkolarien Ligaren amaieran jokatu izan da, eta lan labur eta ezberdinak eginez. Aurten lan luze honetara eta saio ugarirekin jokatu da. Aizkolariek euren maila eman dute, eta zaleak ere gustura geratu dira. Finala ere egungo aizkolari onenetakoekin geratu da, eta saioa ere primerakoa izango da. Aitzol Atutxak gainera, hemendik bi hilabete pasara dauka Joxemari Olasagastiren aurkako apustua, eta hari begira ere jendeak ikusi nahi du nola dagoen aizkolari bizkaitarra.