DEC. 21 2015 Aizkora Larretxeak eraman du Tolosan jokatutako apustu ikusgarria Aizkolari nafarrak 56 segundoko aldea kendu zion Arria V.ari, 2.200 ikusleren aurrean jokatutako norgehiagokan. Jon LEUNDA Donato Larretxeak atzo mendean hartu zuen Arria V.a eta berak eraman zuen Tolosako zezen-plazan jokatu zen apustua. Bi aizkolariek lan bikaina egin zuten, eta honelako lan luze batean minutu baten azpiko tartea dagoenean, eta zer-nolako enborrak ziren kontuan hartuta, egin zituzten denborak ere oso onak izan zirela esan daiteke. Baina, horren guztiaren gainetik, jendearen erantzuna azpimarratu behar da, 2.200 ikusle inguru batu baitziren Tolosan. Askotan esku pilotarekin alderatzen da aizkora, eta garbi dago bai lehen eta bai gaur, aizkorako txapelketa edo apustu on batek pilotako edozein finalek baino jende gehiago erakartzen duela, nahiz eta komunikabideen aldetik aizkolaritzak esku pilotak duen arretaren laurdena ez duen jasotzen. Hogei kana-erdiko moztu behar izan zituen bakoitzak, enborrak plazara erdibana eramanda. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatu zituen. Iruntxiberri eta Oihan Larretxea izan ziren Donato Larretxearen laguntzaileak, eta Luix Txapartegi eta Arria II.a, berriz, Arria V.enarenak. Bi aizkolariek lan bikaina egin zuten, eta lana ere ederra egin zuten. Larretxeak enborrak nahiko onak ekarri zituen; eta gogorrak, berriz, Arriak. Nafarrak gogor ekin zion lanari, eta bi minututik gorako aldea ere izan zuen, baina Arriak ez zuen etsi eta lanean jarraitu zuen errezildarrak, eta lan erdietan aurre hartu zuen, nahiz eta tartea hamaika segundokoa bakarrik zen. Hamaikagarren enborrean, ordea, adar itsusi bat izan zuen Arriak, eta hor denbora asko galdu zuen. Gerora horrek eragina izan zuen, nahiz eta Larretxeak lana bikain eginez jarraitu zuen. Tartean Arriak ilaran zegoen enbor bat utzi eta haren aurrekora pasatu zen, eta horrek jendea apur bat nahastu zuen, baina Larretxeak bazekien gauzak nola zeuden, eta azkeneko enborretara apustua kontrolpean zuela iritsi zen, eta ez zuen barkatu, garaipena erdietsiz. Hauek izan ziren Larretxearen enborrez enborreko denborak: 1.24, 3.03, 4.59, 6.56, 9.17, 11.38, 14.07, 16.42, 19.24, 22.11, 25.04, 27.48, 30.31, 33-04, 35.57, 38.35, 40.47, 42.49, 43.03 eta 47.18. Arria V.arenak, berriz, hauek izan dira: 1.56, 4.15, 6.28, 8.22, 11-22, 13.36, 15.39, 17.41, 19.31, 22.00, 24.56, 27.02, 29.04, 31.17, 33.55, 36.36, 39.28, 42.33, 45.37 eta 48.14. Agurtzeko erarik ederrena eta politena «Dudan adinarekin honelako apustu bat irabaztea handia da. Hilabete luzeak izan dira, baina gero garaipenak asko balio du», esan zuen Donato Larretxeak. Nafarra gustura zegoen bai lortutakoarekin eta bai egindakoarekin. «Nik uste dut lan handia egin dugula. Berak uste zuen bigarren zatian behera egingo nuela, baina eutsi egin diot», adierazi zuen. Hori bai, garbi utzi zuen zaila izango zela aurrerantzean beste apusturik egitea. «Adin honekin nahikoa izango da. Agian lanik egin beharrik izango ez banu, eta honetan bakarrik arituko banintz, pentsatuko nuen, baina honela zaila da», esan zuen. Arria, berriz, tristeago agertu zen, baina ez zuen aitzakiarik jarri. «Lehen zatian atzetik joan eta lan erdietan gainditu dut. Gero azkar joan naiz hamaikagarrenekora aldea atera nahian, baina adarra atera zait, eta denbora asko galdu dut», esan zuen errezildarrak. Hori bai, Larretxearen garaipenari ez zion aitzakiarik jarri. J.L.