DEC. 21 2015 Interview BEñAT GAZTELUMENDI BERTSOLARIA «Sekula ez nuen Alaia horrela ikusi; xake partida bat bezalakoa izan zen bion artekoa» Gaia entzun eta pauso bat atzera ematen du; burua beheratu, uzkurtu eta bere baitara biltzen da. Asmatzen badu barruan bilatzen duena aurkitzen, atentzio bereziz biltzen dituen detaileak gaira ekartzen, pauso bat aurrera egin, bertsotan egin eta txapela janzten du. Last update: DEC. 21 2015 - 08:30h Amagoia MUJIKA donostia Umoretsu hartu gaitu Añorgan, bere Añorgan. Pasaeran dabiltzan auzotarrek gerturatu eta zoriondu egiten dute etengabe, txapela auzoarena den sentimendua ezin ezkutatu. Artean ez duela bozkatu baina arratsaldean egingo duela esan digu egun arraro-korapilatsu-zoriontsua gertatu zaion horretan. Lorik ere ez du egin oraindik. Goizeko seietan etxera erretiratu eta finala ikusi duela aitortu digu. Euskal Herriko finala jokatu eta gero ere bi egun eman omen zituen loak ezin hartu. Gorputzak uzten dionean, hartuko du atseden. Poza eta irribarrea, behintzat, patxadara bueltatu zaizkio dagoeneko. Goizeko seietan finala ikusi duzu. Zer sentitu duzu? Atzo [larunbata] jende askok zoriondu ninduen, baina baten batek esan zidan serio edo triste ikusi ote ninduen. Nik banuen lanean ari nintzen kontzientzia, baina ez dut uste triste egon nintzenik. Gainera, une batzuetan askatu nintzela sentitu nuen. Eta kezka horrekin ikusi dut finala. Iruditu zait oso kontzentratuta nengoela –bereziki Alaia eta biok oso kontzentratuta ginela iruditu zait–, baina ez triste. Ez daukat duela lau urteko aurpegi nekatu hori, atzo aurpegi ona izan nuen, nahiz eta leher eginda bukatu. Hirugarrenez, Illunbe. Lehen finalean handitasuna sentitu omen zenuen; bigarrenean, hotza. Eta, hirugarrenean? Atzo lehen aldiz deskontrolatu egin nintzen, hasieratik. Badakit kanpotik ez duela ematen eta bereziki sentsazio hotza transmititzen dudala, baina hasieran, oholtzara igo ginenean, negar egiteko gogoa sentitu nuen. Oso hunkituta nengoen eta hasierako agurrean negar egiteko gogoa neukan. Pentsatu nahi dut gertatu zitzaidala azken zortzi urteetako bidea prozesu bat izan delako niretzat. Txahala izateak on egin zidan, baina atzo txahala enterratzeko eguna zela sentitzen nuen. Txahalaren ondorengo Beñaten lehen finala zen niretzako. Duela lau urtekoa trantsizio bezala bizi nuen, ez bainekien oso garbi zer egin nahi nuen. Aurten banekien zer egin nahi nuen eta uste dut egin nuela. Emozio horrek hasieran gaina hartu zidala uste dut. Agurra ere oso barrutik bota nuen, nire minetatik, eta une batean emozioek gain hartu zidaten. Lehen aldia da saio batean emozioek gaina hartzen didatena. Txahala Illunberen handitasunaren kontra matxinatu zen. Finalean berriz matxinatu zinela sentitu genuen. Tolosako Beñaten kontra matxinatu nintzen. Nire parte kontrolatuaren kontra matxinatu nintzen. Pentsatua neukan ofiziotan erantzutera joatea, zortziko handitik lehen kolpea jotzea... zortziko handian gaixo dauden presoen gaia egokitu zitzaigun eta ez zen kolpea jotzeko gaia. Zortziko txikian bihurriago ibili nintzela sentitu nuen. Badakit Unai Agirrerekin egin nuen bertsoaldi hori [mendi lasterketarien azalean] baloratua izan zela, baina ez nintzen erabat gustura sentitu. Teknikoki eta errima aldetik estua zen, baina hautatu nuen umore motarekin ez nintzen oso gustura sentitu. Ahuldade sintoma bezala hartu nuen bata bestearen itxura fisikoarekin sartzea, baina ez genuen beste biderik topatu. Gero, atzean esertzean, biok onartu genuen bazeudela beste bide batzuk. Askotan asko mugatzen dut neure burua, umore mota bat ez egin nahia, estereotipoetatik ihes egin nahia... atzo libreago utzi nion neure buruari. Ariketa horretan arin ibili nintzen, baina utzi egin nion neure buruari. Eta uste dut banuela liberatzeko beharra. Hamarreko txikian Oihana Iguaran eta biok oso saio berezia egin zenuten maitemindu ziren bi erlijiosoen azalean. Saio espirituala kasik. Oihanarekin kantatzeko gogo berezia neukan. Duela zortzi urte niri pasatu zitzaidanarekin akordatzen nintzen. Oihanak nik orduan baino ahots propioagoa dauka, baina ni bezala txapelketan hazten joan dela iruditzen zait. Ofizioetan bideak irekitzen ditu, ertzak marrazten ditu eta banuen gogoa berarekin abesteko. Benetan hamarreko txikian askatu nintzela uste dut, hor hasi nintzela nire ahots propioz abesten. Lehen kartzelakoan atera zenien gainerakoei puntutan koska handiena. Ez nintzen erabat gustura sentitu hala ere. Sentitzen nuen neure buruari lizentzia batzuk ematen ari nintzela eta kartzelakoan nahiko libre utzi nuela. Normalean gehiago markatzen dut nondik jo eta nora joan. Alde horretatik buruz buruko kartzelakoan eskema askoz markatuagoa nuen hasieratik. Lehen kartzelan puntu batzuetan neure burua harritu nuen eta beste batzuetan huts egin nuen. Oso bakarkako inperfektua izan zen, eta juxtu horrek ematen dio balioa. Bestela iritsiko ez nintzen toki batzuetara iritsi nintzelako. Gero, kasualitatez, Alaiak bere lehen bertsoa nirea bezala bukatu zuen eta, nahi gabe, konparatu egiten duzu. Alaiak hitz bakoitza modu perfektuan kokatu zuen, ertz bakoitza neurtu zuen eta, atzetik entzuten, txikia sentitu nintzen. Egia esan saio osoa segitu nuen atzetik eta maiz inbidia sentitu nuen bertsokideak kantuan entzun eta zein gauza ederrak egin zituzten ikusita. Gaia entzun eta maitasunaren bidea hautatu zenuen. Haurtzaroa eta maitasuna askotan aukeratzen dituzun bideak dira. Hori erabaki bat da, aurretik hartutako erabaki bat. Gustatzen zait maitasunari kantatzea uste dudalako oso gauza politikoa dela. Bertsotan batzuetan jo izan dugu politika beste era batera ulertzera, eta bikote harremanak edo familia harremanak historikoki gatazkari lotuta egon diren zenbait gai bezain politikoak dira. Gertatzen da txapelketa honetan asko jo dugula gai intimo horietara eta beste gai batzuk gutxiago agertu direla. Baina bereziki gustatzen zait bikote harremanei buruz kantatzea eta espero ez den tokietatik ateratzea. Jendeari zalantzak sortzea egin dezakegun ekarpen ederrenetakoa dela uste dut. Niretzat maitasuna militantzia modu bat da. Bikote harremanak publikoki marrazteko moduak oso markatuak izan dira beti, eta oso bikote harreman karratuak izan dira beti. Baina jendartean askoz maitasun mota gehiago daude, eta denak ez dira ondo bukatzen. Ondo bukatzen ez diren horiei ertzak bilatzea eta ondo doazenei beste helduleku batzuetatik eustea ekarpen polita dela iruditzen zait. Estereotipoak puskatzeko oso espazio ona iruditzen zait. Estereotipoak puskatu zalea zara. Uste dut duelako zortzi urte oso estereotipoetatik abesten nuela. Neroni estereotipo bat nintzen eta une batean plazan horien kontra matxinatu nintzen. Une batean ondo dago saioko gazteena eta parranderoena izatea, baina horietan geratzen bazara ez zara garatzen. Plazak erakutsi dit beste Beñat batzuk topatzen, hor zeudenak baina isilago zebiltzanak. Nik ere kantatu izan ditut potolokeriak, baina benetan niretik ematen dut detailera jaisten naizenean. Finalean detailetara jaitsi nintzela sentitu nuen. Alaia Martinen lana oso gertutik segitu zenuen atzetik. Atentzioa eman omen zizun bere begiradak. Urte berdinekoak gara, unibertsitatean klase berekoak. Ondo ezagutzen dugu elkar. Nik Alaia sekula ez nuen horrela ikusi. Inoiz ikusi ez nion begirada zeukan, fisikoki eta metaforikoki. Kontzentratuta zegoen, bertsotara zegoen. Gaietan denbora guztian ertzak bilatu nahian zebilen, oso-oso lanerako zegoen. Nik finalean neukan guztia eman nuen eta ikusten nuen, neukan guztia eman arren, posible zela Alaiak irabaztea. Asko gustatu zitzaidan finalean ikusi nuen Alaia. Ahotsa gora, behera, erritmoa kontrolatuz… atzetik ikusten ari nintzen eta sekulakoa iruditzen zitzaidan. Ez dakit seguru jendea konturatu ote zen Alaiak zein tamainako finala egin zuen. Zuk ere final ederra osatu zenuen. Bai, gustura nago egindako lanarekin. Nire ahots propioa topatu nuen eta horrekin aritu nintzen. Xake partida bat bezalakoa izan zen Alaiarekin, neurtua, zorrotza. Etengabe aritu nintzen neure buruari gehiago eskatzen, koska bat igotzeko eskatzen, eta erantzun egiten zidan. Gorputzaldi kontua izaten da. Hala ere, bietako edozeinek irabaz zezakeen, uste dut ja gustu kontua izan zela, eta hori ona da. Buruz buruko ederra. Uste dut biok poztu ginela buruz burukora biok pasatu izanarekin. Nik buruz burukoan beti kantatu izan dut ni baino zaharragoak direnekin eta finalean lehen aldiz nire belaunaldiko batekin kantatu nuen, horrek esan nahi duen guztiarekin. Sinbolikoki gure belaunaldiak hartu du txapelketaren pisua eta uste dut garrantzitsua izan zela buruz buruko hori. Etxean gustura egongo dira. Hau amaren txapela da. Nik asko sufritu dut txapelketa honetan, fisikoki sufritu dut, eta amak hori garbi ikusi du. Berak ere asko sufritu du. Finalean egon zen, etengabe lurrera begira, oholtzara begiratu gabe. Oso gaizki pasatzen du saioetan. Gero eta gehiago ulertzen dut amaren bertsoa ulertzeko modua, hitzetan baino gehiago begiradetan, keinuetan, gorputzean geratzen da. Hau amaren txapela da. Nik asko sufritu dut txapelketa honetan, fisikoki sufritu dut, eta amak hori garbi ikusi du. Berak ere asko sufritu du. Finalean egon zen, etengabe lurrera begira, oholtzara begiratu gabe.Bereziki gustatzen zait bikote harremanei buruz kantatzea eta espero ez den tokietatik ateratzea. Jendeari zalantzak sortzea egin dezakegun ekarpen ederrenetakoa dela uste dut. Niretzat maitasuna militantzia modu bat da.