Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Donostia
ITSASOA

Brasildarrak nagusi Hawaiin: Adriano de Souza txapeldun

Bigarren urtez jarraian, brasildar batek irabazi du munduko titulua. Adriano de Souzak irabazi zuen Pipeline Masters txapelketa, baita 20015eko WSL titulua ere. Mick Fanning ere munduko titulua eskuratzeko zorian izan zen, baina Medinak kaleratu zuen aireko batekin.

Amaitu da lehen mailako munduko WSL zirkuitua, amaitu da Triple Crown itzulia eta amaitu da Pipeline Masters lehiaketa, urteko txapelketa garrantzitsuena. Adriano de Souzak irabazi zuen Pipelinen eta 2015eko munduko titulua eskuratu zuen. Aurtengoan ere brasildarrak nagusitu dira.

Bigarren aldiz, brasildar batek irabazi du munduko titulua eta lehen aldiz bi brasildar izan dira Pipelineko finalean. Kontraste handien urtea izan da aurtengoa eta zirkuituko azken txapelketan agerikoak izan dira desberdintasun horiek guztiak.

Olatuak, tuboak eta istripuak

Andy Ironsen omenez egiten den urteko txapelketa garrantzitsuenak are eta garrantzitsuagoa zirudien aurten, edo gutxienez aspaldi txapelketa batek piztu duen ikusmin handiena sortu zuen; izan ere, brasildarren eta australiarren artean urte osoan izan den lehiak bere puntu gorena izan behar zuen azken lehiaketan eta, sekulako itsaskia espero zenez, muturreko baldintzetan nor gailentzen zen ikusi ahal izango zen.

Denetik gertatu zen, ordea, Pipelinen. Hasieran sekulako itsaskia izan zen, urautsi mitikoa bere onenean zen. Lehen txandak ikaragarriak izan ziren. Lehiakideek beraiek ere kontu handiz ibili behar zuten eta ausartenek egiten zuten aurrera. Azken txandetan, ordea, olatuak txikiak izan ziren, bi metrokoak, eta ikuskizuna pobrea izan zen.

Surf munduan, itsaski handienak asteazkenetan sartzen diren mitoa egia bihurtu zen beste behin ere eta Pipelinen ere horrela izan zen, joan den asteazkenean izan baitziren txapelketako olaturik handienak. Eguna hastearekin, lehen txandak eta lehen tuboak ikusi ahal izan ziren, baita lehen istripuak ere. Bede Durbidge australiarra, esaterako, ospitalera eraman behar izan zuten olatu batean izandako erorketa baten ostean.

Owen Wright, aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera zuten bost lehiakideen zerrendan zegoen australiarrak, ere zorigaiztoko erorketa bat izan zuen txapelketa hasi aitzin entrenatzen ari zela, eta buruan egin zuen lesio baten ondorioz ezin izan zuen itzuliko azken txapelketan parte hartu.

Txapelketa hunkigarria

Horixe da, hain zuzen, urteko txapelketa garrantzitsuena ongien deskribatzen duen adjektiboa, hunkigarria. Munduko lehiakide onenek munduko olatu arriskutsu eta ikusgarrienetako batean eskain zezaketen ikuskizun paregabeari ohikoak ez diren zenbait aldagai elkartu zitzaizkion aurtengoan eta horrek txapelketa zinez hunkigarria bilakatu zuen.

Bi afera aipatzearren, C.J. Hobgood estatubatuarra eta Mick Fanning australiarraren kasuak aipa daitezke. Lehendabizikoa, Hobgood, 1999. urtetik aritu da lehen mailan lehian eta orain dela hilabete iragarri zuen Pipelinekoa parte hartuko zuen azken txapelketa izango zela; beraz, 2001. urtean munduko titulua irabazi zuen surflariari agur esateko txapelketa ere izan zen.

Mick Fanningen kasuan gauza asko batu ziren. Australiarrak aurten izan duen zorte txarrak ez zuen etenik izan Hawaiin. Batetik, munduko titulua eskuratzeko aukera gehien zituen lehiakide honi txanda zailenak tokatu zitzaizkion, baina horrekin nahikoa ez eta joan den uztailean Hegoafrikan lehiatzen ari zela marrazo baten erasoa jasan zuen lehiakide honek sekulako berri txarra jaso zuen hirugarren errondan itsasoratu behar zuenean, bere anaia zaharrena hil zela.

Irabazle ez ofiziala

Txapelketa baten ostean paperean irauten duena irabazlearen izena izan arren, lantzean behin badira finalak baino ikusmin handiagoa sortzen duten txandak. Horixe bera gertatu zen Pipelinen. Inork gutxik oroituko du zenbait urteren buruan lehen aldiz bi brasildar Pipelineko finalera iritsi ziren eguna, baina munduko titulua eskura zezakeen Mick Fanningek Pipelineko bi maisu nagusien kontra egin behar izan zuen txanda historiara pasatuko da.

Hamaika bider munduko txapeldun izandako Kelly Slater eta Pipelineko urautsiaren parean metro gutxira bizi eta hazi den John John Florence olatu beldurgarri honetako surflaririk onenetakoak dira, dudarik gabe. Lau metroko olatuekin aurkari gisa inork nahi ez lituzkeen bi lehiakide hauek garaitu behar izan zituen Fanningek aurrera egin ahal izateko.

Lehiakideek bildu zituzten puntuazioei erreparatu besterik ez dago txanda gogoangarria izan zela ikusteko, beste txandetan baino puntuazio altuagoak egin baitzituzten hiru lehiakideek. Txanda horretan egindako olatuekin beste edozein txanda pasatuko lukete, puntuazioen batez bestekoa txapelketako altuena izan baitzen, baina hiru izarrak elkarrekin zeuden eta bakar batek irabazi behar zuen. Fanningek irabazi zuen txanda historikoa, eta horrela txapelketako irabazle ez ofiziala ere izan zela esan daiteke.

Irabazle ofizialak

Txapelketaren hasieran olatuak handiak izan baziren ere, amaiera aldean itsasoak behera egin zuen eta hastapeneko urautsi munstroak panpina itxura hartu zuen azken txandetan. Horrela, final erdietan olatu handienak bi metrokoak ziren; apur bat eskasak ziren Pipelinen aritzeko, baina lehiakideek pazientziaz itxaron zuten tubo on bat egiteko aukera eskainiko zien olatua.

Munduko titulua eskuratzeko aukera zuten bost lehiakideetatik hiru final laurdenetan zeuden; beraz, ikusmina handia zen. Lehen txandan Adriano de Souzak lortu zuen finalerako pasea, wildcard gonbidapen bati esker parte hartu ahal izan zuen Maison Ho bertako surflaria garaitu ostean. De Souzak finalera iristeko bide errazegia izan zuela esan daiteke.

Finalerdietako bigarren txandan Mick Fanningek eta Gabriel Medinak lehiatu behar zuten. Brasildar honek ere ibilbide erraza izan zuen finalerdietara iristeko, baina edonola ere, finalerdietako txanda ez zen batere erraza izango, eta, aldiz, erabakigarria zen, pasatzea lortuz gero munduko titulua eskuratuko baitzuen australiarrak.

Mick Fanning hotz aritu zen, olatu handienen zain egon zen tubo onenak egiteko, eta horri esker azken unera arte irabazten ari zen. Artean, Medinak olatu txikiak hartzen zituen. Minutu baten faltan, ordea, brasildarrak olatu bat hartu eta aireko bat egin zuen eta aireko horri esker lortu zuen finalera pasatzea. Pipelineko historian lehen aldia zen tubo bat ez den beste ariketa bati esker lehiakide batek halako puntuazioa lortu eta finalerako plaza eskuratzen zuena.

Mick Fanning kanporatuta indar handia galdu zuen txapelketak. Faborito nagusia kalean, olatu eskasak eta bi brasildar finalean; ez zen ikusle gehienek espero edo nahi zuten agertokia, baina horrela suertatu zen.

Finala ez zen oso ikusgarria izan, baina urertzean ziren jarraitzaile brasildarrentzat zirraragarria izan zen lehen aldiz bi brasildar baitziren Pipelineko finalean eta bigarren aldiz brasildar batek eskuratuko baitzuen munduko titulua. Galdera nagusia beraz, hau zen, 2015eko txapela norentzat izango zen.

Adriano de Souzak olatu handienak hartu zituen eta bi tubo txukun egin ahal izan zituen. Gabriel Medina, iazko munduko txapeldunak, olatu txikiak hartu zituen eta aireko ikusgarriak egiten saiatu zen, baina ezin izan zuen bere aberkidea garaitu. Gauzak horrela, Adriano de Souzak irabazi zuen Pipeline Masters txapelketa eta horrekin batera, baita 2015eko munduko titulua ere.

Horrela mintzatu zen txapelduna: «Mickek titulua ni baino gehiago merezi zuela pentsatu nuen. Bere ama besarkatu nahi nuen, baina beldur nintzen munduko titulua lortzeko lehia bizian baikinen».