DEC. 22 2015 GUTUNAK Euskararekiko jarrera oztopatzailea Osakidetzan ZIGOR ETXEBURUA URBIZU Altza Gaur familia medikuarekin hitzordua izan dut. Pasa den urrian jubilatu zen gurea, euskalduna, eta gaur izan dut berriarekin egoteko lehen aukera. Esan behar dut susmo txarra nuela, euskararekikoa, eta, tamalez, berretsi egin dudala. Sartu bezain pronto, agurra gaztelaniaz egin dit, eta baita hurrengo esaldia ere. Ni euskaraz hasi natzaio eta segidan geratu nau, euskaraz ez dakiela esanez, eta gaztelaniaz egiteko eskatuz. Gogorarazi diot mediku euskalduna nuela eta zerbitzua euskaraz nahi dudala. Berak aipatu dit aurreko medikuak jubilazioa hartu duela, eta bere ordezkapena egiten ari dela. Era berean esan dit nahi badut eskatuko diola lankideren bati euskaraz atenditzea. Harremana gaztelaniaz jarraitzea erabaki dut, argitzearren gertatzen ari zena. Eskatu diot nire fitxan begiratzeko ea jartzen ote duen euskararen hautuaren «e» adierazlea. Ezetz esan dit. Eskatu diot begiratzeko nire hizkuntza hautua zein den, eta esan dit halakorik ez dagoela. Nire estresa handitzen joan da, ulertuko duzuenez, eta jakinarazi diot badakidala pazientearen fitxan badela atal bat horretarako, Aldundian euskara arduradun nengoela jakin nuelako. Orduan bai, topatu du. «Gaztelania» omen nuen jarrita. Harritu nauen arren, eskatu diot «euskara» hautatzeko. Orduan, berak, ezetz, berak ezin duela hori egin. Tira, sutan, baina «edukazio» handiz, gogorarazi diot Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariaren jarraibide bat ezagutzen dudala, dioena berari badagokiola egitea eta, areago, hasieratik galdetzea dagokiola. Bere erantzuna «(klik) ya, hecho». Orduan, nire kasua azaltzen hasteko eskatu dit, baina eten egin diot, bere jarrera deitoratuz. Esan diot gaizki jokatu duela, nik informazioa banuelako eta eskatu, exijitu eta insistitu egin diodalako aldatu duela nire hizkuntza hautua, baina beste edozein herritarri berak eskaini behar diola aukera, eta ez diola aukera oztopatu behar. Mutu geratu da. Nire medikuak jarrera prepotentea erakutsi du, eta euskararekiko trabatzailea. Opari, bisita medikuaren ziurtagiria gaztelaniazko atalean sinatu dit. Portzierto, hau guztia «Alza-Roteta» deitura erdaldundua duen osasun-zentroan gertatu da.