DEC. 29 2015 Berezkoak Biellek lortu du Buruz Buruko aurreneko garaipena Jon LEUNDA Biellek irabazi zuen atzo Berezkoen Buruz Buruko lehen kanporaketa, Goikoetxea 40 eta 33 mendean hartuta, 61 minutuko partidan. Azken emaitza orekatua izan bazen ere, eta emozioa ere izanagatik, ezin esan neurketa bera ona izan zenik, huts asko egon baitziren. Bakarka askotan gertatzen den moduan, boladaka joan zen partida. Lehen tantoetako berdintasunaren ostean, Goikoetxeak jo zuen lehenik, eta alde polita izan zuen alde, handiena hamabi kintzekoa: 9-21. Baina gero etorri zen itzulera, 8-0ko partziala sartu baitzuen Biellek neurketa 27an adosteko. Hortik aurrera etorri zen Bielleren txanda, eta bolada on horrekin garaipena eskuratu zuen. Goikoetxea nekatzen joan zen, eta azken kintzetan ez zuen maila onik eman. 19-27 irabazten egon ostean, Biellek 21-6ko partziala sartu eta garaipena lortu zuen. Ezin esan bietako inork partida handia egin zuenik. Errestoan biak oso gaizki aritu ziren, asmatu ezinik, eta bien artean 22 tanto egin zituzten saketik. Gero ere huts asko egin zituzten, eta amaieran gutxien egin zituenak lortu zuen garaipena. Oraingoan bai, Donibane Garaziko Garatenera joan zirenek eta apustua egin zutenek asmatu zuten. Igandeko Superprestigio torneoko finalean batek baino gehiagok zaplazteko ederra hartu zuen, baina atzokoan Bielleren alde atera zen dirua, eta bete-betean asmatu zuten, berak irabazi baitzuen. Saketik hamar kintze egin zituen Biellek, eta bi gehiago Goikoetxeak. Jokoan irabazleak hemezortzi kintze egin eta zortzi galdu zituen; Goikoetxeak, berriz, hamahiru egin eta hamabi galdu. Partidako markagailua, berriz, honela mugitu zen: 2-0, 2-2, 3-3, 3-12, 7-16, 9-21, 19-27, 27-27, 35-28, 37-30, 39-33 eta 40-33. Bigarren jardunaldia larunbatean jokatuko da Sarako Pleka trinketean. Lehen partidan, Agirre eta Amulet lehiatuko dira, eta, bigarrengoan, berriz, Laurent Lanbert eta Monze.