Ariane KAMIO
DONOSTIA
Interview
HARKAITZ CANO
IDAZLEA

«Idazle bezala desoladorea da duela hogei urte egiten nituen truko berdinak erabiltzen topatzea neure burua»

«Beti oporretan» (Susa). Ipuin bilduma da Harkaitz Canoren azkena, oporraldien orbitan sortutako narrazioen konpendioa. Tartean, fetitxeak, gogoetak, errealitateak eta saiakerak. Nola kontatu, hala aletu. Ondokoa, kazetariaren ikuspuntutik sortutako bilduma propioa da, idazlearen erantzunekin jantzitakoa. Esperimentu bat.

Oporrak

Oporrak paradisuaren frankizia txiki bat dira, geure buruari opa dioguna. Baina aldi berean esango nuke aurreikusten denaren indarra edo potentziala daukatela, baita ere dezepzioaren haziaren aukera. Inoiz edo gutxitan gertatzen baitira gauzak espero zen bezala edo guk desio bezala. Oporrak ere badira errepikapenaren bilaketa bat. Oroitzen genuen leku edo garai edo geografia baten edo harreman baten berreskurapenaren saiakera, batzuetan gauzatu gabea. Leku zoriontsuetara ez itzultzea gomendatzen duten aholkuen kontrako ahalegin bat. Ez itzuli zoriontsu izan zinen lekuetara, gogoratu zoriontsu izan zinela, baina ez itzuli. Gizakia kontserbadorea da eta nahi du errepikatu, bueltatu…

Gaztaroa

Gaztaroa opor biologiko bezala ulertua. Gaztaroa, organoen isiltasuna. Gaztaroa amaitzen da azala eta haragia hasten direnean... gaztelaniaz esaten den bezala de huesípeta a huesífuga, hezurretatik desatxikitzen hasten denean, hor bukatzen da gaztaroa. Niretzat gazte izateari uzten diozu zure futbol talde kuttuneko jokalaririk zaharrena baino zaharragoa zarenean.

Itsasoa

Itsasoa basamortuaren bigarren izena, esaten zuen Atxagak uste dut. Itsasoa baita ere liberazioa. Google da gure itsasoa. Itsasoa opor giro, liberazio, askatasun baten metafora da. Baina gu egunero bizi garen itsasoa ez da hori, guk nabigatzen dugu Interneten, gure itsasoa da Internet. Eta gure lehenbiziko ziber idazlea edo ziber liburua izan zen “Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak”, aurkitutako, lapurtutako eta norbere bihurtutako poemak. Gaur egun hori egin beharko genuke Interneten guk. Sarrik egiten zuena liburu fisikoekin, guk itsaso handi horretan egin beharko genuke. Ni naizen pertsona hiper analogikoa izateko, liburu honetan badago aurrekoetan ez bezala bizi dugun errealitate berri hori literaturara aplikatu nahia ere.

Borroka armatua

“Twist”-en erabiltzen nuen jokoa zen: borroka armatua edo borroka asmatua. Pertsonaia batek borroka asmatua erabiltzen zuen espresio anbiguo bezala eta narratzaileak bere buruari galdetzen zion: Borroka asmatua zer da? Zera al da, borrokan egin eta borroka horretan asmatzea helburuak lortzen? Ala zuk asmatu duzun borroka bat da? Borroka fabulatu bat, non nolabait xake taula hori den zerbait birtuala edo irudikatua eta imajinazio horretatik ere elikatzen den errealitatea. Borroka asmatua da idazlearen lana, zentzu bietan, eta liburu honetara gehiago lotu nahi baduzu, ipuin bakarra dago kasu honetan euskal gatazka aipatzen dena zuzenki. Esango nuke haren irakurketak interpretazio ez hain tragiko baterako, edo batzuetan fribolo izan daitekeen interpretazio baterako bidea ere eman dezakeela.

Giltzak

Uste dut denok ditugula fetitxe batzuk. Pixka bat etsigarria da konturatzea urteak aurrera egin ahala egiten ditugula truko berdinak. Idazle bezala desoladorea da konturatzea duela hogei urte egiten nituen truko berdinak erabiltzen topatzea neure burua. Baina neurri bateraino saihetsezina da. Eta konturatzen naiz nire fetitxeetako bat giltzak direla. “Belarraren ahoan” giltza bat erabiltzen zen; pertsonaia batek besteari begian sartzen zion eta erabiltzen zuen arma bezala. “Hitzak eta giltzak” bazen Aranbarriren liburuaren izenburua. «Giltza» bada «hitza»-ren oso antzeko hitza eta hizkuntzak baditu bere oihartzun joko eta bere billar karanbolak eta gure kasuan giltza eta hitzaren arteko harreman horrek badauka zerikusia.

Liburuaren kasuan giltzaren jabeak giltza erabiltzeko zailtasunak edo dudak ditu, ez du nahi giltza hori erabili, giltza hori erabilita sartuko litzatekeen lekura sartu. “Etxeko giltzak” ipuina izan zen idatzi nuen azkena eta abiatu zen hipotesi horretatik. Zergatik pertsona batek uko egingo lioke eskuetan dauzkan giltza horiek erabiltzeari?

Heriotza

Anne Sextonen poema bat bada, “Sutan dagoen eraikin batetik maitasun gutuna”. Hau asko erabiltzen da literatur tailerretan. Egoera extremo batean jarri idazlegaia eta irudikatu behar du sutan dagoen eraikin batetik idatzi behar duela maitasun gutun bat. Denbora! Hasi! Ariketa horretan ez baduzu zukurik ateratzen esan nahi du hobe duzula beste zerbaitetara dedikatu. Pertsonaia bat jartzen duzunean egoera muturreko batean suposatzen da hor atera beharko duela mami batek, zerbaitek. Kasu honetan ariketa hori bera egitea da, baina pentsatu nuen, zergatik ez biderkatu bider berrehun? Modu erradikal batean, hegazkin batean doazen era, pelaje guztietako bidaiarien buruetan sartu eta zer da pentsatu duten azkeneko gauza?

Sexua...

Sexua, bizitza mugitzen duen motorretako bat. Transzendentziarako aukera lurtarra. Transzendentzia irrikatu eta iragankor bat. Espiritualek eta bilatzen dute bizitza guztian transzenditzeko modu bat, edo filosofiak edo zer dakit ba nik. Baina lurtarragoak edo prosaikoagoak, espiritualki hain garatuak ez garenok daukagun kontsolamenduzko transzendentzia homeopatikoa da, nolabait. Disturbantza eta ezkutaketara jolasteko koartada bat da. Hau da, oraindik ere harremanetan eta harremanak konpontzeko moduetan tabu batzuek funtzionatzen duten seinalea. Liburu honetan aurrekoekin ez bezala, idatzi ditudanean harremanen historiak bai erabili dut kontzienteki harreman horietako gatazkak konpontzeko beste era bat narrazioaren barruan entseatzeko. Tentatiba bat. Ahalegin bat. Eta sexua hor barruan dago, era guztietako harremanen barruan eta ez da garrantzi gutxiena daukana.

… eta mendekua

Asko pentsatu nuen horretan “Twist” idazten ari nintzenean. Nire ustez westernetan ikusten da ondoen mendekuaren funtzionamendua. Western klasikoa da: norbait iristen da herri batera, injustizia bat egin da herri horretan, sheriff bihurtzen da edo ez, legearen barrutik edo kanpotik, mendekua gauzatzen du eta badoa herritik, justizia berrezarria izan da eta ordena berri bat dago. Gero dator Sam Pekhinpah 70eko hamarkadan eta western krepuskularra deitzen zaiona sortzen da. Cable Hoguen balada da. Hau da, basamortuan abandonatu duten pertsona batek, urik gabe utzi dute bertan hiltzen, eta hala ere lortu du bizirautea, erabakitzen du azpijoko hori egin diotenak mendekatzea. Eta haien bila geratu beharrean, egiten du bertan kieto gelditu. Lehenago edo beranduago pasatuko dira hemendik, ni ez naiz haien bila joango. Muntatzen du restop bat basamortuaren erdian, zaldiei ura emateko, eta urteak pasatzen ditu zain. Halako batean bi bilau horiek iristen dira. Orduan berak, eta hori da mendekutik interesatzen zaidana, aukera erraza daukanean mendeku hori gauzatzeko, jabetzen da mendeku horren exekuzioak ez liokeela emango bere irudimenean hainbeste urtetan birtualki eman dion satisfazio hori, eta guztiz kontrakoa dena, nazka emango liokeela bere buruak. Hor gauzatzen da dilema oso interesgarri bat, dena mendekuaren performatibotasuna. Gauzatzen da katarsi bat eta lortzen da mendekua. Mendekuaren nozio hori da landu behar dena.

Jelosia

Oso gauza inkontrolablea da, gure buruan topatzen dugun zerbait zatarra, baina ez dagoena gure esku. Azkenean gure arrazoizko izakien bilakaera horretan nahi baino primitiboagoak garen seinale. Gutxiagotasun konplexuak edo jeloskortasunak azkenean mugitzen du mundua guk geure buruari aitortu nahi geniokeena baino askoz gehiago. Nola aurre egin horri? Momentu batean liburuan esaten da beti jauzi egiteko gertu dagoen piztia bat bezalakoa dela, gutxien espero duzunean hor agertzen dena eta benetan horri aurre egitea arte bat da.

Angela Merkel

Izenaren pisua. Ipuin hori da bildumako zaharrena, baina Angela Merkel ez zen Angela Merkel; ipuin horretako protagonistak beste izen bat zeukan. Ipuinak ez zuen funtzionatzen. Oraindik ere nire dudak dauzkat ipuinak erabat funtzionatzen ote duen. Halako batean jabetu nintzen auto buxadura baten erdian dagoena edozein, zu edo ni izan beharrean, Angela Merkel balitz, zer? Gainera Europako leku bitxi batean, mugako leku batean, jende diferente asko dagoen leku batean dagoena Angela Merkel balitz. Eta hor derrepente ipuin guztiaren zentzua erabat aldatu zen, bakarrik izena aldatuta. Sortu ziren beste oihartzun batzuk erabat ezustekoak. Ipuina mamitu bezala egiten zen.

Desesperazioa

Gure lehoia da. Desesperaziotik ulertu daiteke gauza asko. Ia dena ez esateagatik. Desesperazioak anulatu egiten du arrazoimena, desesperazioa patente de corso antzeko bat da hainbat gauza egiteko. Eta desesperazioa gradu ezberdinetan iruditzen zait denoi dagokigun zerbait dela. Desesperazioaren kontrako bide bakarra ironia da, Francis Picabiaren esaldi hori asko maite dut: Ironia da desesperatuen kortesia. Ni bezalako idazle batentzako eskritorioan idazteko moduko esaldia.

Fideltasuna

Hor badago beste esaldi bat ez dudana gogoratzen norena den, beraz, segur aski ez diot sinpatia gehiegirik izango eta horregatik ez dut gogoratu nahi. Fidel izan edo leial izan zaitezke zure buruarekin edo besteekin, baina biak aldi berean ezinezkoa da. Aukeratu. Leialtasunaren fluktuazio bat dago, ez zara beti leial izango zeure buruarekin, baina besteekin izango zara beti. Fluktuazioak.

 

«Nire aurtengo liburua nobela labur bat izango zen, baina oker nengoen»

Ipuinak

Ni beti izan naiz ipuingile. Gehien idatzi dudana ipuinak izan dira. Poemak ere bai, poema gehiago. Baina gehien landu dudan arloa ipuinarena izan da. Zuk ipuinak idazten dituzu, ez duzu idazten ipuin liburu bat. Ideia bat baldin baduzu, badakizu laburrean kontatzeko dela, ez duela emango nobela baterako, eta ez du zertan eman. Bilduma honetatik kanpo geratu dira beste hainbat, ez nituelako ikusten korda berekoak. Gertatzen dena da urteekin ipuinak egiten direla halako erakarmen indar grabitatorio batean bildu elkarrengana, multzokatu. Hartzen dute koherentzia bat gai aldetik, garai aldetik, pertsonaien ezaugarrien aldetik… badute zerbait batzen dituena. Eta hori gertatu zait orain. Nobela labur bat daukat bukatua, baina ez zait gustatzen nola dagoen. Nire aurtengo liburua nobela labur bat zen, Gorkari [Arrese] hori hitzeman nion. Baina oker nengoen, ez dago ondo.

Uda

Ez dakit zergatik beti gustatu izan zaizkit Mediterraneoko irletan-eta gauzatzen diren pelikulak eta liburuak, “Bonjour tristesse”... Pelikula mota horrekiko daukat kerentzia berezi bat. Uda… Udak badu hori. Udan lan egitea asko gustatzen zait. Udan jendeak lata gutxiago ematen du, jendea oporretan dago, zu ez. Eta giro horrek eragiten du giro horretako gauzak idaztea, urbanizazio, itsaso, erreka, bidaia… Mikrobizitza bat sortzen da bizitzaren barruan. Lekuz aldatzen zarenean zeure buruarekiko duzun perspektiba aldatzen da. Hasiera batean espontaneoki idatzita zeuden ipuinak leitmotiv horren inguruan hasi ziren biltzen.

Ordena

Ni ordenarekin izan naiz beti pixka bat intuitiboa eta gero fidatzen naiz editorearen iritziarekin. Ipuinik klasikoenak-edo lehen erdian daude, nahiz eta azkenekoa ere oso klasikoa den. Eta gero badago bisagra moduko bat erdian, hau da, “Boeing 767”-arena, estilistikoki ere diferenteagoa, punturik gabe idatzia. Eta hortik aurrera badago alternantzia bat, ipuin klasikoago eta oporren irudi ortodoxo horretatik gehien urruntzen direnetara.A.K.