JAN. 04 2016 ZIRIKAZAN Emakume kementsu guztiei Josebe EGIA Aurtengo lehenengo artikulua emakumeei eskainiko diet: andre zaharrei, bizitzan ikasitakoa eta pilaturiko eskarmentua ondorengoen eskura jartzeko gozamena eta ardura dituztelako; andrazko helduei, beren bizimoduak eurek nahi bezala egiteko ahaleginean eta borrokan dabiltzan horiei guztiei, edozein izanda ere bizimodu-mota hori emakumeoi inposaturiko hainbeste gizarte-arauri aurre eginez; neskatila gazteei, hausnar dezaten zein bide dituzten aukeran euren etorkizuna eta oro har emakumeona hobetzeko; eskainiko diet, belaunaldia gorabehera, emakume kementsu guztiei. Alegia, jendartean beldur gehien eragiten duten emakumeei. Beldurra gizonezkoengan, euren mendean bizi beharraren aroa gero eta atzerago geratzen ari dela sumatzen duten horiengan, euren ustez behar baino gehiago nabarmentzen diren andreak, isilik egongo ez direnak, biziki gorrotatzen dituzten horiengan; beldurra beste emakume batzuengan, beren burua aseta sentitzeko ezinbestean gizonaren premia daukaten horiengan, eta amatasunarena, eta familiarena, eta tradizioaren babesarena, emakume independente eta askeak eta bestelakoak senarrek baino are oldarkorrago erasotzen dituzten horiengan. Gogoan dut gaztea nintzela orduko mutil-lagunaren kuadrillako batek berari esan ziona, ni aurrean nintzela, txantxetan bezala (bai zera txantxetan!): «Nik nahiago ditut neska tuntunagoak, ez horren azkarrak eta biziak; horiek, epe luzera, konplikatuak dira, etengabeko buruko minak». Arrazoi osoa zuen berekoi eta eroso puska hark, bai horixe, azkarra dena azkarrago ohartuko delako harrokeriaz, nagusikeriaz, injustiziaz, eta azkarrago erabakiko duelako egoerari aurre egitea, ondokoari bat bera ere barkatu gabe kargu hartuz eta argudio egoki andana aurpegiratuz. Emakume kementsuek, gizon ausartek bezalaxe, horixe dute-eta: aldaketaren eragile eta gauzatzaile izaten dira; deserosoak, beraz, besteenganako mespretxuaren gainean eraikitako zenbaiten estatuserako, arriskutsu hutsak ustezko nagusitasun sozial hori hari batean jar diezaieketen guztiak eta guzti horien ekintzak irainduz bizi diren horientzat. Emakume adoretsu eta indartsuok: hartu-emanak aldatzen ari zarete, bikote-harremanak, lanekoak, familiartekoak, kalekoak. Agian kosta egiten zaizue, eta baliteke konturatu ere ez egitea, edota fruiturik ez sumatzea, baina lortzen ari zarete. Zalantza barik, zuen kemenaz eta ereduaz egongo da egina etorkizuneko emakumeen pasabidea, horiekin harremanetan egongo direnek suntsitu ezingo dutena.