Idoia ERASO
SOhüta

Sohütako maskarada bertan behera, partaide baten heriotzagatik

Sohütan gaur egitekoa zen maskarada bertan behera geratu da. Maskaradan parte hartzekoa zen bizilagun baten heriotza dela eta hartutako erabakia dela adierazi du Euskal Irratiak, eta hileta gaur egingo dela.

Gaur Sohütan egitekoa zen lehen agerraldia, eta Hoki auzoan azkena, apirilaren 10ean. Bitartean, beste hamabi herritan ibiliko dira Gathuzaina, Zamaltzaina, xorrotxak eta beraien lagunak: Ezpeizen (urtarrilaren 17an), Muskildin (24an), Irurin (31n), Maule-Lextarren (otsailaren 7an), Urdiñarben (14an), Arrokiagan (28an), Mitikilen (martxoaren 6an), Idauzen (13an), Santa Grazin (20an), Barkoxen (27an) eta Alozen (apirilaren 3an).

Errejenta lana Battitta Berrogainen esku geldituko da, eta dantza arloaren gidaritza Julie Ahaspek hartu du. Hamahiru urte dira gazte sohütarrek lan hori egin zuten azken alditik, eta beraz estreinaldia herrian egiten zenetik. Aldiz Hokin izan da maskaradaren lehen emanaldia berrikiago, Sohütako auzo honetan hasi baitzen urteroko ibilbidea 2012an. Inauteri berezi hauek antolatzeko herririk ez zela aurkeztu eta hutsunea betetzeko Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohiak elkartearen esku gelditu zen antolakuntza.