Behin betiko kolpea
Gero eta gehiago eta gero eta indartsuago, jendartea bide argi batetik egiten ari da genero indarkeria eragiten duten egiturazko oinarriak desagerrarazteko; emakumearen benetako askatasun eta segurtasun osoaren bila dabil. Asko dira egiturazko oinarriok eta, garaiz garai eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izanaren ondorioz, oso sustraituta daude pertsonongan. Batzuok, bakarka eta kolektiboki, txikienak ere identifikatzeko eta iraultzeko ahalegin kontzientea eginez bizi gara; beste batzuek, ordea, indarkeria zehatz hori zuritzeko arrazoien bilaketa eta hedapena dituzte misiotzat hartuta, eta ez diote zipitzik ere eskaintzen jendartearen bandera gero eta moreagoari, eskuan gero eta gorago eta irmoago eramateko egiten ari garen ahalegin horri.
Horien artean, Eliza katolikoa da txapelduna, beteranoa. Orain, badirudi aita santu argentinarrak konpondu egin nahi dituela ordezkatzen duen erakundeak emakumeei erakutsitako errespetu eza eta erdeinua; esan dezagun ez duela erakusten bere aurrekoen jarrera atzerakoi-zapaltzailea, behintzat. Garrantzitsua da, oso, mundu mailako halako erakunde baten ordezkari nagusiaren jokabidea, hau da, zer esaten duen eta zer isiltzen duen, zer salatzen duen eta zer goresten duen. Alda ditzake ikusmoldeak, bultza dezake elkartasun, enpatia eta justizia grina. Halere, anekdota hutsa besterik ez da haren mendekoek sudur-puntan jartzen zaiena barreiatzen jarraitzen badute. Bereizgarria da hori Eliza katolikoan; nork ez ditu gogoan, adibidez, Rouco Varelaren jarrera mingarri eta arranditsuak, edo Munilla eta bere esanak. Berriki, Toledoko artzapezpikuak bota du gogoak eman diona, alegia, kaka pila emakumeon gainera: banatu nahi dugulako, edo «benetako senar-emazte harremana» izaten ez dugulako, iraintzen, jotzen eta erailtzen gaituzte emakume gehienak bikotekideek. Antza, elizgizonari ahaztu egin zaio gizonezkoek ere adarrak jartzen dituztela, etxeko lanez eta ardurez paso egiten dutela, seme-alabak mundura eurek ere ekartzen dituztela, maitemindu eta desmaitemindu egiten direla, dibortzioa eskatzen dutela… eta, hala ere, bizirik uzten ditugula, aske.
Egia esango dut: apenas dakit ezer Elizaren barne-funtzionamenduari buruz, baina nagusiak ezin al du langile ezgauza eta kaltegarria kaleratu? Ezin al du mahai gainean kolpea gogorrago eman eta, beste esparru batzuetan bezala, pertsonen ongizatearen kontrako gorespenak duda-mudarik gabe zigortzeko bitartekorik ezarri?