GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Adimenaren indarra


Batela lehen irakurleentzako bilduman argitaratutako ipuina dugu Txilikuren azken lan hau. Alegia ezagun batean oinarrituta kontakizun entretenigarri eta atsegina eskaintzen digu idazle zarauztarrak.

Narratzaile orojakile eta hurbil batek egiten digu hasierako eskaintza: «Nahi duzu ipuin bat kontatzea? Zatoz hona, eser zaitez nire magalean eta kontatuko dizut», eta eskaintzaren ondoren ipuinaren kontaketari ekiten dio. Girotzea, espazioa, protagonistak eta istorioa… Hasieratik ikus dezakegu urrutian kokaturiko istorioa kontatuko zaigula: «Bazen aspaldi-aspaldi Urruntxina izena zuen eta munduaren bazter batean zegoen lurralde bat». Eta herrialde hartan etxe dotore batean bi agure zahar bizi ziren; etxearen inguruan lau baratze zeuden; hauetako bat «itsasoraino iristen zen eta hiru aldetatik hesitutako larre bat zen. Larrean zazpi ahuntz zeuden, eta tximino batek zaintzen zituen. (…) Itsasertzeko zuhaitzak muxurka gorri-moreak zituen, barrena odolaren kolorekoa zutenak, tximino baten bihotzaren antzekoak».

Eta bihotz horien kontura, edo horiek protagonismo handia duten kontakizuna izango dugu ondoren. Tximinoa, itsasbazterrean marrazo batekin hizketan aritzen zen eta egun batean harekin bidaia bat egin zuen itsasoan barrena. Tximinoak marrazoaren eskuetan bere bizitza jarrita egin zuen bidaia, harik eta marrazo guztien erregearekin bat egin arte. Izan ere, honek honela agurtu baitzuen gure tximinoa: «-Asko pozten naiz zu hemen ikusteaz, gure alaba printzesa txit gorena oso gaixo dago eta sendagileak esan dio tximinoaren bihotza dela haren gaitzarentzat sendagairik onena». Tximinoak, harridura eta ikara gaindituta, irtenbide egokia bilatu beharrean aurkitu du bere burua. Eta irtenbide horretarako oso aproposa da arestian aipaturiko zuhaitzen fruta.

Tximinoaren adimena marrazo guztien indarra baino baliagarriagoa, probetxuzkoagoa dela erakusten digu “Sendagaia” ipuin honek. Irakurleak, hasierako girotze kontuak albo batera utzita, interes handiz irakurri du Txilikuk proposatzen digun kontakizuna, baina tximinoaren larritasuna eta estualdia ikusita, honek ematen dion irtenbidearekin irribarrea eskuratuko du irakurleak, disfrutatu ahulak indartsuaren aurrean erakusten duen abileziagatik: «-Nire bihotza diozu? Ez dakit zergatik ez didan ezer esan nire adiskide marrazoak. Jakin izan banu! Zuhaitzean utzi dut bihotza. Berriro lehorrera eramaten banau hartuko dut eta emango diot».

Lehen irakurleentzako istorioa izanik Bruno Hidalgoren irudi koloredun ugariz lagunduta dago narrazioa; testua ulertzen laguntzen dutenak baina baita ere kontakizuna ezagututa norberak istorioaren haria jarraitzeko moduko irudiak. Alde horretatik ipuin honek, alegia guztiek bezala, ikaskizun bat du; eta, Txilikuk hasieran proposatzen digun bezala, haur txikiari magalean kontatzeko modukoa dugu; baina baita ere berak irakurtzeko ere.

Modu batean nahiz bestean une atsegin eta entretenigarria pasatzeko aukera ederra; ipuineko agureek bezala: «Dena amaitzen duenean, tximinoak kontatzen die zaharrei nolako jukutria egin zien marrazoei, eta zaharrak barrez lehertzen dira».