Jon LEUNDA
Aizkora

Finaleko bidean jarraitzeko irabazi egin beharra dago

Saralegi eta Rekondo Arria V.aren eta Larrañagaren aurka neurtuko dira bihar, Leitzako pilotalekuan.

Saio erabakigarria izango da Leitzako Amazabal pilotalekuan bihar 12.00etatik aurrera jokatuko dena. Final bat bezalakoa izango da alde bientzat; izan ere, irabazten duenak finalerdia jokatuko du, eta galtzen duenak, berriz, etxerako bidea hartu beharko du.

Jon Rekondo eta Ruben Saralegi Arria V.aren eta Mikel Larrañagaren aurka neurtuko dira. Bi bikoteek galdu egin zuten lehen jardunaldian, eta biek Atutxaren eta Mugertza II.aren aurka galdu zuten. Bi multzotan banatuta ari dira lanean lehiaketa honetan, eta multzo bakoitzeko aurrenekoek finalerako txartela zuzenean lortuko dute, eta bigarren geratzen direnek, berriz, finalerdia jokatu beharko dute, eta irabazten duenak ere finala jokatuko du, azkeneko saioan hiru bikote neurtuko baitira.

Beraz, finalaren parekoa izango da biharko saioa. Irabazteak bakarrik balio du, bestela ezinezkoa izango baita finalean sartzea, edo horretarako ate bat zabalik uztea, behintzat. Faborito garbirik ez dago, agian izenengatik Arria eta Larrañaga izan daitezke, baina azpeitiarra ez dago bere unerik onenean, eta errezildarrak, berriz, abenduan apustua jokatu ostean, bere maila apur bat jaitsi du, eta hori ere erabat normala da.

Rekondo eta Saralegi etxean arituko dira, eta indar horrekin saiatuko dira aurrera egiten, nahiz eta haiek ere ez dauden beren unerik onenean. Zaila da urte osoan mailarik gorena harrapatzea, eta aizkolaritzan ere gauza bera da. Hala ere, bi bikoteek garbi utzi dute irabaztera doazela Leitzara.

Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batu, eta onena duenak lortuko du finalerdietarako txartela. Lan laburrak dira, eta zaila izaten da azkeneko lanera arte, iraupen probara arte, alegia, ezer erabakitzea, nahiz eta aurreko jardunaldian lehenago ere ia erabakita geratu zen.

Hurrengo asteko saioak ere badauka bai lekua eta bai ordua eta eguna ere. Larunbatean jokatuko da, Lakuntzan, eta bertan Iker Vicente eta Lawerence O’Toole Joseba Otaegiren eta Juanjo Lopezen aurka neurtuko dira. Hor izango da O’Toole australiarra ikusteko aurreneko aukera, bera baita aurtengo txapelketako berrikuntza nagusia.

 

Goma gaineko bigarren txapela banatuko da

Euskal Herriko Sokatira Txapelketan bigarren txapela banatuko da asteburu honetan. Nesken 540 kilokoan izango da. Gaur eta bihar izango dira saioak, izan ere, Munduko Txapelketa aurten denez, orain dena azkar egin behar da, eta asteburuetan kirolariek ez dute atsedenerako tarterik.

Gaur, 17.00etatik aurrera jokatuko da Zeberion, eta mutilen 600 kiloko lehen jardunaldiaz gain, bertan izango da baita ere 540 kiloko bigarren jardunaldia. Mutiletan, Ibarra, Berriozar, Ñapurrak A, Ñapurrak B, 6 Conceyos, Sokarri, Baiona, Txantrea, Murueta eta Beti Gazte lehiatuko dira. Maila honetan bi jardunaldiko saioak izango dira, eta sei onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.

Nesketan, berriz, Ibarra, Gaztedi eta Badaiotz neurtuko dira. Hauek liga ari dira jokatzen, eta horren ostean punturik gehien lortzen dituenak irabaziko du txapela. Gaurkoa bigarren saioa izango da, eta bihar berriro ere lanean arituko dira, kasu honetan Bermeon, 11.30ean hasita. Lehen jardunaldian Gasteizko Badaiotz izan zen talderik onena.

Bihar, Bermeon, 640ko bigarren saioa ere izango da, eta horren ostean jakingo da zein talde arituko diren finalean. Ibarra, Ñapurrak, 6 Conceyos, Sokarri, Abadiño, Murueta eta Zuraide izango dira lanean arituko diren talde guztiak.  J.L.