Ducassou eta Larralde finalerdietan sartu dira
Ez zen ezusterik izan, eta Ducassouk eta Larraldek lortu zituzten Berezkoen Buruz Buruko finalerdietan izateko txartelak. Aurrenekoak 40 eta 24 hartu zuen mendean Amulet, eta bigarrengoak, berriz, 40-32 irabazi zion Ezkurrari.
Lehen partidan Ducassouk ongi irabazi zion Amuleti, baina neurketa honek bi zati ezberdin izan zituen. Aurrenekoa oso parekatua izan zen, bi pilotarien artean ez baitzen alde handirik izan. Ducassou ez zen eroso aritu, eta Amulet, aldiz, une askotan aurretik ere izan zen. Lau tantokoa izan zuen abantailarik handiena, 6-10, baina gero gauzak berdintzen joan ziren. Azkenean, 23-22koarekin apurtu zen neurketa. Ducassou galtzen egotetik irabaztera pasatu zen, eta aldea gero eta handiagoa egiten joan zen, amaieran 17-2ko partziala sartzeko.
Bigarren finalerdia ere tankerakoa izan zen, baina datu esanguratsu batekin; izan ere, Ezkurrak saketik 10 tanto egin zituen, eta bost Larraldek. Normalean bakarkakoan lehen jokaldian hamar kintze lortzen dituenak nekez galtzen du, baina kasu honetan Ezkurrak ezin izan zuen irabazi. Urruñakoak eutsi zion lehen zatian baina, 24nako berdinketaren ostean, faboritoak ihes egin zuen.
Final-laurdenak amaitzeko partida bakarra geratzen da, eta hori bihar Donibane Garaziko Garatenean jokatuko da, Bilbaoren eta Ospitalen artean. Waltarik eta Lanbertek ere bihar jokatu behar zuten, baina Lanbert min hartuta dago, eta amerikarrak egingo du aurrera.