GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Ibarran erabakiko da mutilen denboraldiko bigarren finala


Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako hirugarren finala jokatuko da gaur, mutilen bigarrena, eta Ibarrako pilotalekuan izango 17.00etan hasita. 640 kiloko mailan izango da; aurretik bi jardunaldiko ligaxka jokatu dute, eta sei onenek lortu dute hemen egoteko txartela.

Lehen fasean, Murueta eta Sokarri izan dira bi talderik onenak, berdinduta geratu baitziren sailkapen nagusian. Atzetik, Abadiño, Ñapurrak, Beti Gazte eta Ibarra sailkatu ziren, eta sei hauek izango dira gaur lanean arituko diren taldeak. Zuraide izan da kanpoan geratu den bakarra.

Mutilen mailan jadanik final bat jokatuta badago, eta hura ezustean eraman zuen Muruetak. Hori zen behintzat hasieran uste zena, inork gutxik jartzen baitzuen faboritoen zerrendan, baina pisu honetan ere ikusi da kontuan hartu beharko dela, lehen fasean onena izan baita Sokarrirekin batera.

Baina finalak oso ezberdinak izaten dira, eta denek izan ditzakete aukerak. Abadiño tartean dela beti oso kontuan hartu behar den taldea da. Ibarra ere etxean arituko da, eta hura ere ez da ahaztu behar, nahiz eta lehen fasea ez duen oso ona egin, eta talde bakarra izan duen atzetik.

Emakumezkoak

Emakumezkoetan, 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da Ibarran bertan. Herriko taldeaz gain, Gaztedi eta Badaiotz ere bertan izango dira. Gasteiztarrak izan dira pisu handiko talderik onena, eta aurten nesketan banatu duten txapel bakarra eraman dute, nahiz eta lehia handia izan duen Gaztedirekin. Pisu honetan ere hiruren artean oreka eta lehia handia espero da, nahiz eta Gaztedi aterako den faborito.