GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

O’Toole eta Vicente txapela lortzeko prest daude 

Australiarra eta nafarra hasieratik bukaerara nagusitu ziren Otaegiren eta Lopezen aurka.


Iker Vicentek eta Lawrence O’Toolek Binakako Urrezko Aizkoran izateko urrats handia eman  zuten atzo Lakuntzan Otaegiri eta Lopezi irabazita. Jardunaldi bakarra geratzen da multzo hau amaitzeko, eta azkenekoan Azurmendirekin eta Larretxearekin lehiatu beharko dute. Hura irabazten badute, zuzenean arituko dira finalean, eta Otaegik eta Lopezek finalerdia jokatu beharko dute Rekondoren eta Saralegiren aurka, azkeneko ekinaldian hiru izango direlako. Nafarrak eta australiarrak galduko balute, hiru bikoteak puntu batekin geratuko lirateke, eta orduan bakoitzaren denborak hartu beharko dira kontuan.

Atzo, ordea, Vicentek eta O’Toolek sekulako maila eman zuten, eta itxura ere paregabea izan zen. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren erlojuz kontra, eta O’Toolek sekulako erakustaldia egin zuen, 30 segundoan bota baitzuen. Otaegik, berriz, minutuan moztu zuen. Ikaragarria da horrelako enbor batean minutu erdi bat kentzea, eta baita 30 segundoan botatzea ere.

Bigarren lana berdina izan zen, baina oraingoan Vicentek eta Lopezek erakutsi zituzten indarrak, eta Vicentek irabazi zuen, 48 segundoan enborra botata, eta aurkariari bi segundo kenduta. Bi lan hauen ostean, 32 segundoko tartea zegoen bi bikoteen artean.

Hirugarren lanean, kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta berriro ere australiarraren erakustaldia izan zen, Vicente gaztearen laguntza bikainarekin batera. Minutu eta 33 segundoan bota zuten enborra eta Otaegik eta Lopezek, berriz, 2 minutu eta 7 segundo eman zituzten.

Ondorengo lanean, 60 ontzako enborra bota behar izan zuten, eta hor ere nafarra eta australiarra gailendu ziren. Minutu eta 37 segundo behar izan zituzten beren lanak amaitzeko, eta minutu eta 43 segundo pasatu zituzten, aldiz, Joseba Otaegik eta Juanjo Lopezek.

Bosgarren ekinaldian, 45 ontzako enborra zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, eta hemen ere O’Toolek eta Vicentek ez zuten hutsik egin, beraien lana 2 minutu eta 2 segundoan amaituta, eta aurkariei beste 25 segundoko tartea kenduz. Iraupen proba bakarrik falta zen saioa amaitzeko, eta minutu eta 27 segundoko tartea zeukaten O’Toolek eta Vicentek. Lan laburrak izateko tarte handia zegoen. Ikusgai zegoen australiarrak iraupen proban nolako maila emango zuen, baina hor ere nagusi izan zen.

Iraupen proba

Iraupen proban, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak. O’Toole eta Vicente hasieratik bukaerara nagusitu ziren, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuten. 10 minutu eta 27 segundo pasatu zituzten lanak egiten, eta 11 minutu eta 29 segundo, berriz, Otaegik eta Lopezek.

Proba guztietako lanak amaituta, 16 minutu eta 55 segundo izan zen Vicenteren eta O’Tooleren amaierako denbora, eta 19 minutu eta 36 segundo, berriz, Otaegirena eta Lopezena. Irabazleek eman zuten itxura ezin hobea izan zen, eta denek garbi jotzen dute finalean izango direla, eta ez hori bakarrik, txapela lortzeko ere faborito jarri zituen atzo batek baino gehiagok.

Jendeak ere erantzun polita eman zuen, 250 ikusle inguru joan baitziren saioa ikustera, eta ez dago gaizki, larunbat eguerdia ez baita egunik aproposena jendea erakartzeko, baina australiarra ikusteko gogoa zegoen, aspaldian ez baitzen Euskal Herrian aritu.