FEB. 01 2016 ZIRIKAZAN Espantuaz harago Josebe EGIA Denetarik irakurtzen dut hedabideetan, batzuetan zer edo zer zehatza interesatzen zaidalako eta bestetan errealitatearekin harremana ez galtzearren, eta batera zein bestera oso gutxitan iristen naiz bukaerara pozarren, baikortasun apur batez, sikiera; munduan eragiten direnek ez ohi dute horretarako parada handiegirik eskaintzen. Alabaina, joan den astean, goragaleari eutsi ezinik egin nituen hemeng o egunkarietan zeharreko irakurketa-bidaia gehienak. Ezinbestean. Gasteizen gertatu denak (orainaldian diot, bai, zaila izango baita halakorik oroitzapen kolektibo iltzatuenetatik erauztea) orriak eta orriak bete ditu, tintaz eta pixelez. Lehenengoaz, egunero-egunero jakinarazten ari zaizkigu, izugarrikeria gertatu zenetik, hiltzailearen jatorria, profil psikologikoa, bizimoduaren nondik norakoak, ustezko arazoak, ustezko asmoak, ustezko ekintzak, bereziki; bigarrenaz, haren itxura, arrunta, edozein gizonena –gizonezko normalarena, esan nahi baita– izan litekeena, eta, bereziki, gurea moduko beste edozein familia zenaren irudia: aitona, ama eta Alicia, lauso, baina hautemangarri, Facebooken zintzilik. Zer behar dago horretarako, diotsot nire buruari, zer behar berez barrena goitik behera urratzen digunari sentsazionalismoa eransteko, jendearen morboa puzteko. Zer dakarkigute halakoek, irakurleoi, herritarroi oro har (zeresanik ez tragedia pairatzen ari direnei eta beraien gertukoei). Ez dira lagungarriak ulertezinak –ustez– direnak konprenitzen saiatzeko, gizakiok honen saihetsezina dugun esplikazio-beharra asetzeko, ez eta argigarriak ere erarik bortitzenean jendartean berpizturiko eztabaidari, hori bai garrantzizkoa, behar bezala erreparatzeko: genero-indarkeriaren baitan daude halakoak? Nire irakurketa-bidaietan, besteak beste, iritzi-artikulu bi irakurri ditut: «Mundura emakume jaio eta» bata, «Mucha tarea tienes si has nacido macho» bestea. Hara non askok argi dugun ez dela gauza bera emakume edo gizon sortzea, bideak oso bestelakoak ditugula hastapenetik, eta lehenengoen borrokak behar-beharrezkoa duela bigarrenen ekarpena, nahitaezko barne-eraldaketa, hasteko. Joera dugu indarkeria besteengan baino ez ikusteko, munstro apartekoak direla uste izateko, eta joera dugu genero-indarkeria bikotekideen arteko liskar gorentzat baino ez jotzeko. Umetxo baten erailketa gordinak hari-muturrak lotzera bultzatzen gaituen arte; espantuaz harago, badugu zer hausnartu.