FEB. 02 2016 IKUSMIRA «Necesito dinero para volver a casa» Amagoia Mujika Kazetaria Ogia erostera joan eta hantxe, erdi belauniko, «no tengo para comer». Eta gu ogi-koskorra eskuan, ezin zuzenean begiratu haren begietara. Eskolako atari inguruan, gure txikiak eskutik estu lotuta daramatzagula, ikusten ez dugun izkina horretan suma daiteke irakurtzen ez dugun kartoi puska bat eutsiz, eskuak laztuta eta hoztuta. «Necesito ayuda, tengo cuatro hijos». Eta badira bost egun etxeko ataritik atera eta hantxe agertzen zaidana, parez pare, zutik baina burua makurtuta. Bizarraren atzean ezkutatzen du begiratua bera. «Necesito dinero para volver a casa». Zergatik ez ote dira munduko miseria guztiak telebista barruan geratzen, ezta? Zergatik agertzen ote zaizkigu begien aurrera hain lotsagabe eta hain ageriko? Izan ere, munduko miseriak parean plantatzen zaizkigunean gure miseria guztiak bistara ateratzen dira. Eta lotsatu egiten gara, oraindik lotsatzeko gaitasuna ez badugu galdu, behinik behin. «Necesito dinero para volver a casa». Hori jarri du kartoian. Akaso hori jarri du diru gehiago biltzeko itxaropenaz: «Badakit ni hemendik joatea nahi duzuela; banoa, baina lagundu joaten». Gehiago lagunduko al genioke doanari datorrenari baino? Hori sumatu ote du berak? Latza egiten zait kartoi puska horretako mezua, gure miseriek kartoia eusten duen gizonarenak gainditzen dituztelako. Artean ozenagoak dira errefuxiatuak bueltan bidali nahi dituztenen ahotsak gozo hartu nahi dituztenenak baino. Ez dakit hau zen amesten zuten Europa. Badirudi etxea hankaz gora dugula harrapatu gaituztela.