FEB. 09 2016 Sanagustin kulturgunea, sormenaren akuilu Azpeitian Hainbat urtetako ibilbidea egina dute Azpeitian Kultur Mahaiak eta Sanagustin kulturguneak. Zailtasun denen gainetik kulturaren aldeko apustu garbia egin duen bidea. Euskal Herriko txoko askotan ametsa besterik ez dena egia bihur daitekeela erakutsi duen bidea. Eta aurrera doana. Last update: FEB. 09 2016 - 06:24h Xole ARAMENDI Ez da goizetik gauera sortu. Urte askotako lana dago atzean. Makina bat bileraren eta lanorduren ondorioa da. Interes amankomun baten alde elkarrekin lan egin izanaren emaitza. Azpeitiko erdigunera iristen denak Sanagustin kulturgunearekin egingo du topo. Herriko plazan dago udalak utzi eta eraberritutako XVI. mendeko eraikina, eliza, kartzela eta ospitalea izanikoa. Taberna eta antzokia biltzen ditu, kafe antzoki baten gisara. Baina ezohikoa da, eta Euskal Herriko kultur eragileen artean erreferente. Goazen sorrerara. 1998a zen. Herriko kultur eragile eta norbanakoak elkartu eta Kultur Mahaia eratu zuten. 23 talde sartu ziren, herriko denak. Gaur egun 22 talde dira, eta horien atzean 1.000 pertsona inguru daude. Bazkideei dagokienez, 400 pertsona dira. Herriak zituen gabeziatan jarri zuten fokua, hasteko. Garai hartan Azpeitian ez zegoen inolako kultur azpiegiturarik. Kultur Mahaiak gabezia hori nabarmendu zuen. Udala ere bat zetorren diagnosiarekin. Lau urteren buruan bi kultur espazio ditu herriak. Sanagustin kulturgunea 2010eko abenduan ireki zen eta 2011 amaieran, Soreasu antzokia. Biak kudeatzen ditu Sanagustin kooperatibak lehiaketa publiko bana irabazi ondoren. Kultur Mahaitik bertatik sortua da kooperatiba. Proiektua Azpeitiko kultur eragileek eurek jarri zuten abian. «Behetik sortua da. Hori oso garrantzitsua da guretzat», azaldu du Xabier Aranbarrik, Sanagustin kooperatibaren kudeatzaileak. Herrian antolatzen ziren kultur ekitaldien berri emango zuen argitalpenik ere ez zegoen eta horrekin batera, kultur egutegi bakarra osatu beharra ikusi zen. Biak lortu dira. Bada beste lorpenik. Erabat autonomoa da –autofinantziazio maila altua du– Kultur Mahaia, eta era berean elkarlana sustatzen du udalarekin zein gizarte eragileekin. Esateak errazagoa dirudi egitea baino. Gaur egun bi alderdiek –EH Bildu eta EAJ– ordezkari bana dute Kultur Mahaian, baina botorik ez. Herritarrak udal organoetan integratu ordez udal ordezkariak dira herritarrez osatutako mahaiaren kide. «Udalarentzat herritarrengana iristeko tresna da Kultur Mahaia», Aranbarriren esanetan. Betiere, beste eragileekin harremanetan. «Geuk bakarrik eginda baino beste eragileekin elkarlanean antolatutako ekitaldiak askoz arrakastatsuagoak diren jakitun gara. Beraz, horixe da gure helburua», dio. Euskara da beren jardueraren beste zutabea. «Euskal kultura sustatu nahi dugu, ‘euskal’ euskarazkoa dela ulertuta. Hizkuntzari dagokionez, %85etik gora euskarazko emanaldiak izan daitezen da gure helburua». Ekitaldietan kultur diziplinen arteko oreka ere mantentzen saiatzen dira. «Herri mailan egiten diren ekitaldi denak aztertzen ditugu, udalak berak ere antolatzen baititu hainbat ekitaldi», esan du Aranbarrik. Bertako sortzaileak Horrekin batera, ekitaldien %50etik gora herriko sortzaileenak izan daitezen saiatzen dira. «Noski, horretarako dinamizazio lana beharrezkoa da. Egia esan, zorte handia dugu Azpeitian dinamizazio behar handirik ez dagoela, bizi-bizirik baitago herria. Ez kultur arloan bakarrik, oro har gizarte mailan; ez dut Azpeitia inoiz ezagutu orain daukan bizitasun sozialarekin», gaineratu du. Proiektu honen beste ezaugarri garrantzitsua da Kultur Mahaiak berak dituen kontrol organoak. Ezarritako irizpide hauek guztiak betetzen diren aztertzen du talde eragileak egindako lanari jarraipena eginez. Bidean aurrera egin dute azken urteotan, zailtasunak zailtasun, ilusioz eta lanerako gogoz. Eta hausnarketarako tartea hartzea erabaki zuten iaz. Batetik, herriko kultur errealitateari argazkia egin nahi izan zioten eta horrekin batera Kultur Mahaiaren eta Sanagustin kulturgunearen jarduerak Azpeitian duen eragina aztertuko zuen ikerketa jarri zuten martxan. Lehenengo pausoa Kultur Mahaiak eta Sanagustin kooperatibak elkarrekin eman zuten. Bigarrena egiteko kanpora jo zuten. «Herrian ezagunak gara, baina kanpoko norbaitek nola ikusten gaituen jakin nahi genuen». Horixe egin dute UPR eta Kultiba enpresak. Kulturmetrian adituak dira. Proiektuen inpaktu soziala, kulturala eta ekonomikoa neurtzen dute. «Gurea irabazirik gabeko elkartea izanik eragin ekonomikoa baino eragin soziala neurtuko zuen norbait nahi genuen», azaldu du Aranbarrik. Pozik daude azterketak eman dituen ondorioekin. Batetik, orain arte jorratutako bidea perspektiban jarri dute. «Ikerketaren ondorioz gure eguneroko jarduerak herrian daukan pisuaren kontzientzia hartu dugu», nabarmendu du Aranbarrik. Bestetik, egiaztatu dute beren buruari jarritako erronka betetzen ari direla. «Gure ikerketak ondorioztatu du hasieran ezarritako irizpideak bete egin direla. Eta zaila da hori». Kultiba enpresako kide Andoni Garaizarren hitzak dira. «Kultur Mahaia eta Sanagustin kulturgunea asko hazi dira, baina hazkundea jendearekin eta jendearentzat lan eginez lortu dute, eta hori da zailena. Datuek baieztatu egiten dute», jarraitu du Garaizarrek. Ez du zalantzarik: «Sanagustin kooperatiba eragile ekonomiko, kultural eta sozial eraginkorra da», berretsi du. ARRAKASTAREN GAKOAK Ezinbestean sortu zaigu galdera: zer du berezi Azpeitiak? «Hasteko, masa kritikoa jarri zuen, alegia, herritar kopuru dezenteak erabaki zuen amankomunean egin behar zela proiektua. Norbere buruari hainbeste begiratu gabe ildo orokorrak zehazteari ekin zioten –azpimarratu du–. Eta bi mailatan: Kultur Mahaiak irizpide orokorrak zehazten ditu eta hori praktikara eramaten duen beso exekutiboa dago, Sanagustin kulturgunea» «Horrez gain, hasieran ezarritako irizpideei ez diete bizkarrik eman», jarraitu du. Eta ezin ahaztu ebaluazioari beldurrik ez izatea. «‘Kanpotik ekarriko dugu norbait neurtzera’, pentsatu zuten eta ‘guk ere hausnarketa egingo dugu efektibotasuna ikusteko’. Hori kultura arloan ez dago oso zabalduta», adierazi du Garaizarrek. Egindako ikerketaren arabera, herritarren %72k ezagutzen dute Kultur Mahaia eta bere jarduera %67k. Sanagustin, berriz, gehiagok. Kultur eskaintzari dagokionez, zabala dela uste dute herritarren %96k. Antzerkia da gehien kontsumitzen den arloa (%19) eta ondoren kontzertuak (%18). Gutxien dantza eta bertsoak (%9). Guztira, 2014an 29.303 ikusle izan zituzten urte osoan, Azpeitiko herriaren biztanlegoaren bikoitza. Eta 2015ean gora egin zuen kopuruak. Kultiba eta UPR enpresen azterketak, nolanahi ere, ohartarazi die orain arte bezala jarraitzearen arriskuaz. «Epe luzera zailtasunak etor litezke hain lan handia mantentzeko», argitu du Garaizarrek. Bere ustez, baliabide gehiago lortzeko garaia da, ez eurei ez eragileei hainbesteko gain-esfortzua ez eskatzeko. Esan eta ekin. Iaz uztailean jaso zituzten ikerketaren emaitzak eta irailerako pausoak ematen hasiak ziren egituraren berrantolaketan. Aranbarrik garbi ikusten du bidea. «Elkarlana eta autonomia oinarriak dira. Beraz, arlo horiek ez ditugu ukitu nahi. 2015ean ekitaldien %81 herriko eragileekin elkarlanean antolatu genituen eta garbi daukagu bide horretatik jarraitu behar dugula. Udalarekin hitzarmena prestatzen ari gara, ea jasangarriago bihurtzen zaigun gizarteak proiektu honetan parte hartzea. Egitura motza daukagu, aurrekontua ere halakoa daukagulako eta diru sarrerarik gabe ezin dugu egitura handitu. Udalarekin eta eragileekin lanean ari gara formula berrien bila», kontatu du. Euskal Herriko hainbat tokitatik –bai Administrazioak bai eragileek– Azpeitian abian jarritako proiektuaren gaineko interesa agertu dute. Eredu da askorentzat. «Sanagustin kooperatibak duen izaera eta antolaketa enpresa arloan gutxi edo apenas ikusten da eta kultur erdu desberdin baten aurrean gaude. Ekonomiari besteko garrantzia ematen zaio izaera sozialari eta kulturalari», dio Andoni Garaizarrek. 40 hitzaldi inguru eman dituzte han-hemen. «Denei gauza bera esaten diegu: orain lana bistaratu egin da baina ahalegin handia egin zen aurretik, harremanak sendotzen, errotzen, Kultur Mahaia egituratzen... Ikusten ez den lana eta etengabeko ahalegina eskatzen du», azaldu du Xabier Aranbarrik. Proiektu honek kulturaren ezohiko kontzepzioan ditu erroak. «Eguneroko politika da kultura guretzat. Askok pentsatzen dutena baino askoz zabalagoa. Ekitaldi handiei, eta azkenaldian gero eta gehiago turismoari lotutako zerbait bezala ulertzen dute Kultura eta gu ez gatoz horrekin bat», esan du Aranbarrik. Inork bidea erraza denik pentsa dezan ez du nahi Sanagustineko kudeatzaileak. «Lan gogorra da. Ekonomikoki oso gogorra izan da, inolako kapitalik gabe sortu baikinen», ohartarazi du. Baina bidea aurrera doa.