FEB. 13 2016 HELDUEN LITERATURA Hausnarketak ahotsetan Iratxe ESPARZA Nola egin maite dugunari gaixotasun larri baten berri ematen diotenean? Zuren minbiziaren diagnostikoak barruko eztanda eragiten du senarrarengan, eta isiltasunez betetako mina urtzen den bitartean existentziari begiratzeko modua erabat aldatzen zaie senar-emazteei. Hasieratik ohartzen da irakurlea esku artean duen testua berezia dela, fikzioaren konbentzionalismoekin apurtzen duela eta, literatura bidelagun, idazleak berak erantzunak eta kontsolamendua beste sortzaileen lanetan bilatzen dituela. Zenbait liburu autofikzioaren barruan kokatzen dira, hala, ondo eraikita egon ezean artifizio zalantzagarriegiak sor ditzakete eta irakurtzen hasi bezain pronto nolabaiteko deserosotasuna sustatzen dute irakurlearengan, sarritan, anbiguotasuna nagusi, aitortza mozorrotuaren isla baitira. “Zu” liburuak, ordea, errealitatearen printzipioa errespetatzen du, eta horretarako egilea eredu narratibo bereziaz baliatzen da, «saio-nobela gisako dietario bat» (128. orrialdea) dio berak, nobela autobiografikoa ere gehituko nuke nik. Liburuan zehar dauden hausnarketa literarioen artean, badago bat Letxundiren azken lana definitu eta testuaren gakoa argi azaltzen duena, alegia, Maria Zambranoren “Aitortza” liburuxkarena. Izan ere, «autoreak zuzen hitz egin nahi dio irakurleari» (87. orrialdea), helburua ez baita asmatzea, idazleak ez baitu errealitatea eta fikzioa nahasteko asmorik, eta hala ere irakurketan interesak eta zirrarak protagonismoa hartzen dute. Testuan ez dago inolako anbiguotasunik, Lertxundik garatzen duen gaiak ez baitio lekurik uzten jolasari eta bai, ordea, gaixotasunaren aurrean azalarazten zaizkigun beldurrak, zalantzak eta galderak ikasten bideratzeari. Hiru ildo nagusi tartekatzen dira: batetik, egileak idatzitako oharrak eta ordenagailuko karpeta batean gordetako apunteak ditugu, liburua osatzeko baliagarriak; bigarrenik, bikotearen egunerokotasunaren eta bizimoduaren bilakaera kontatzen zaigu; eta, azkenik, beste autoreen (haiek edo haien inguruko norbaitek gaixotasun larri bat bizi dutenak) pasarteek eta aipamenek eraikitzen dute nobela. Liburuak dramatismorik gabe hitz egiten du. Saminari eta sufrimenduari lotuta dauden kontakizunen artean egilearen ahotsa ere aurkitzen da bizitzaz eta gizartearen heziketaz gogoeta sakonak eskainiz. Idazle bat irakurtzen duenaren ondorioa dela entzunda daukagu, eta “Zu” literatur lanen erreferentziaz eta aipuz josita dago (Boccaccio, Susan Sontag, Thomas Mann, J. M. Coetzee…); horrela, terapia bihurtuta, literatura aproposa da kontsolamendurako eta, era berean, lagungarria, Zuren senarraren sentimenduak kudeatzeko. Collage moduko bat sortzeaz gain, egileak gaurko gizartean heriotzaren inguruan asimilatutako tabua ere deseraikitzen du, eta ezjakintasunak areagotzen duen ezinegona desagertzen doa senarraren mundu-ikuskeraren aldaketarekin bat eginez. Hori guzti hori fikzioaren azpian ezkutatu gabe, oinazea onartzeak eta “deabrutzetik” gaixotasuna ateratzeak gero eta inplikatuagoa dagoen idazle baten presentzia agerian uzten baitute. Literatura bera protagonista eta erantzunen bila joateko abiapuntua da; izan ere, historian zehar sortzaile askok minbiziari, kantzerrari, minjaleari (153. orrialdea) edota mingaiztoari idatzi diote, etsipenetik urrunduz, beren burua prestatuz, detaileetan erreparatuz eta heriotzari aurpegira begiratuz. Literatura medizina eta testua ihesbidea, ote? Irakurtzea gorputzaren elikagaia eta izpirituaren asetzea, akaso? Bitartean, zurrunbilo horretan, bizitzak jarraitzen du.