FEB. 15 2016 sokatira Ibarra eta Abadiño, azken txapeldunak Gipuzkoarrak mistoetan gailendu ziren, eta bizkaitarrak, berriz, mutiletan. Jon LEUNDA Abadiñok eta Ibarrak irabazi dituzte Euskal Herriko Goma Gaineko azkeneko txapelak. Ostegunetik aurrera, berriz, Herbehereetan jokatuko dute Munduko Txapelketa. Gehienak Euskal Herria ordezkatuz joango dira, baina beste gutxi batzuk, eta horien artean Euskal Herriko txapela lortu duen Ñapurrak taldea, Frantzia ordezkatuz arituko dira. Abadiño izan da gizonezkoetan azkeneko urte hauetan goma gainean jaun eta jabe, baina aurtengo denboraldian garaipenik lortu gabe zegoen. Muruetak bi txapel lortu ditu, eta Ñapurrak taldeak bat. Beraz, 560koan zuen azkeneko aukera, eta berdeek ez zuten hutsik egin, onenak izan baitziren, mutiletan falta zen txapel bakarra jantziz. Atzetik, Sokarri sailkatu zen bigarren postuan, eta Murueta, hirugarren, eta horrela osatu zuten podiuma. Atzetik, berriz, Ñapurrak A, Beti Gazte, Baiona, Berriozar, 6 Conceyos eta Ñapurrak B sailkatu ziren. Atzo, aldiz, 600 mistoko finala jokatu zen. Maila honetan, talde bakoitzean lau mutilek eta lau neskak joan behar zuten, eta hor Ibarrak irabazi zuen txapela. Beti aurrean ibiltzen den talde horietakoa da, bai mutiletan, eta bai nesketan, txapelak lortu edo lortzeko zorian ibiltzen den horietakoa, baina Abadiñori gertatu bezalaxe, aurten txapelik gabe zeuden gipuzkoarrak, eta ez mutiletan eta ez nesketan ez dira batere fin aritu. Mistoan zuten azkeneko aukera, eta hor bai, lan oso ona egin zuten, eta txapela eurentzat izan zen. Moreak nagusi izan ziren saio osoan zehar, eta amaieran merezitako garaipena erdietsi zuten. Gaztedik eskuratu zituen ondorego bi postuak. Nesketan gertu izan dute txapela, mutiletan ez dute parte hartu, eta mistoan zuten hauek ere txapela lortzeko azkeneko aukera, eta are gehiago bi talderekin plazaratuta, baina azkenean bigarren eta hirugarren postuekin konformatu behar izan zuten. Berriozarrek itxi zuen sailkapena. Munduko Txapelketari begira itxaropen dezente daude, taldeak indartsu baitaude, eta domina bat baino gehiago lortzeko itxaropen osoa dago. Gero ikusi beharko da ea ze koloretakoak izan daitezkeen.