FEB. 15 2016 MENDIKO ESKIA Nahia Quincocesekbrontzezko dominalortu berri duesprintean Lekeitiar eskiatzaileak lehen euskal domina eskuratu du Suitzan jokatzen den Europako Txapelketan. Banakako lasterketan, bestalde, zortzigarren geratu zen. Andoni ARABAOLAZA Hil honen 5etik 7ra, Suitzan, Mendiko Eskiko Europako Txapelketa jokatu zen, hiru modalitatetan: banakakoa, erlojupekoa eta esprinta. Eta euskal ordezkariei dagokienez, horietako baten lana azpimarratu behar dugu. Protagonista Nahia Quincoces dugu. Hiru modalitateetan bikain jardun zuen, baina, zehazki esprintean domina bat ere eskuratu zuen: brontzezkoa. Euskal eskiatzaile batek Europako hitzordu nagusian domina bat lortzen duen lehen aldia da. Beste bi probetan ere lehen hamarren artean sailkatu zen: banakakoan, zortzigarren eta erlojupekoan, bosgarren. Gogoratu behar dugu Quincoces Fedme espainiar federazioarekin edo espainiar selekzioarekin lehiatu dela. Lasai asko esan dezakegu eskiatzaile honek Izaskun Zubizarretaren lekukoa hartu duela. Horrek ere Fedmerekin aukera izan zuen Europako proba nagusi horietan parte hartzeko, eta, oso gutxigatik bada ere, ez zuen dominarik erdietsi. Urte mordoa igaro ondoren, Zubizarretari lekukoa hartu dionak lehen euskal domina lortu du. Baina jorra dezagun eskiatzaile bizkaitarrak Suitzako Alpiniski proban izan duen ibilbidea. Europako Txapelketan jokatzen diren hiru probetatik garrantzitsuena banakakoa da, eta horretan euskal ordezkaria lehen hamarren artean sailkatu zen. Quincocesek GARAri azaldu dionez, oso pozik dago zortzigarren postua lortu izanarekin: «Top hamarrean sartzea zen nire helburua, eta lortu dut. Lasterketari dagokionez, aurreko hiru egunetan elurra egin zuen, eta, beraz, elur arazorik ez genuen izan. Lehia borobila atera zitzaidan. Launa igoera eta jaitsiera zeuden, eta pare bat korridore igo behar izan genituen. Alderdia zein ibilbidea politak ziren, eta, gainera, eguraldiak lagundu zuen. Hasieran ondo nengoen, faboritoen lehen taldeak ihes egin zidan eta bigarren taldean geratu nintzen. Jaitsierak zailak ziren, eta azkenean elur bigunarekin hankak sutan nituen. Alabaina, oso gustura nago eginiko lanarekin». Garaipena Laetitia Rouxentzat izan zen, eta Quincoces frantziarragandik 7 minutu eta 42 segundora helmugaratu zen. Brontzea Hurrengo proba erlojupekoa izan zen, eta euskal eskiatzaileak berriro lehen hamarren artean muturra sartzea lortu zuen. Hori bai, Quincocesek esperientzia berria izan zuen proba horretan, denak elkarrekin atera ordez, banaka irten baitziren: «Erlojupekoan beti elkarrekin atera gara, eta aldaketa horrek ezustean harrapatu ninduen; lehen aldia nuen. Irten topera eta helmugaratu leher eginda. Helmugara heldutakoan ez nekien ze postu egin nuen. Banan-banan ateratzeak buruari asko eskatzen dio, topera joaten zara-eta. Tropelean ateratzen bazara, erreferentziak dituzu, eta badakizu ze erritmo hartu. Hala ere, oso gustura nago bosgarren postuarekin». Eta azken proban, esprintean, euskal eskiatzailearen lorpena iritsi zen: «Aurreko bi proben esfortzutik ondo osatu nintzen. Presio gutxi neukan, eta sailkapenetan ondo lehiatu nintzen. Ez nuen akatsik egin, eta nire lehiakide batzuek, ordea, bai. Azkenean, hirugarren postuarekin egin nintzen; pozarren nago brontzearekin!». Era horretan amaitu zuen Quincocesek Europako Txapelketa. Europako lehia nagusietan erakutsi du sasoiko dagoela; izan ere, lehen hamarren artean sailkatzen da: «Hor sartzea da nire xedea. Urratsak egiten ari naiz, denboraldi-aurrea hobeto prestatu dut... Banakako probetan podiumera hurbiltzea soilik falta zait». BRONTZEA Nahia Quincocesek hirugarren postua eskuratu zuen Europako Txapelketako esprint modalitatean. Banakakoan zortzigarrena izan zen, eta erlojupekoan, bosgarrena.