FEB. 16 2016 KOLABORAZIOA Heziberrirekin Lomce ez zela aplikatuko zioten… Bego Bitorika Sortzen elkarteko koordinatzaile orokorra Batzuek hori ukatu nahi badute ere, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan Lomce aplikatzen ari dira, hori da errealitate gordina: ordutegi berriak, erlijioaren inposaketa ikasgai ebaluagarri gisa, zikloen helburu pedagogiko eta integratzailea desagertu egingo da eta mailaka ebaluatuko da, testuliburu berrien edukiak Lomce edota Heziberriren parametroetan eginak... eta gainera inposatu nahi diguten hezkuntza eredu arrotz horren bermerako azterketa eta errebalidetan oinarritutako ebaluazio sistema ezarri nahi digute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza sailburuak Lomcek ezartzen duen 3. mailako probarekin aurrera egingo duela eta 6. mailako azterketa aurten ez duela egingo esan du bere azken prentsa agerraldian. Oraingoan sinistu egingo diogu ala ez? Lomceren zurrunbiloarekin hasi ginenetik Cristina Uriartek gauza bera egin izan du. Lehenengo gauza bat esan eta gero beste bat egin. Eta zertarako? Hezkuntza komunitatea, eta gizartea oro har, desmobilizatzeko. “Lasaitasun” mezua bota eta ea oraingoan aurreko urtean izandako arazoak ekiditen diren pentsatuko du. Azken hiru urte hauetan, hezkuntza komunitatea osatzen dugun eragile, familia, ikasle, ikastetxe, herri/auzoen aldetik, oso argi adierazi dugu zer ez dugun nahi. Baina, zoritxarrez, Gasteizen entzungor egin diete aldarrikapen hauei. Gasteizko gobernuak Heziberri dekretuak onartu ditu eta Lomcek ezartzen dituen gakorik garrantzitsuenak jasotzen ditu bertan. Horietako bat «aurten egin behar ez duen» 6. mailako proba, hain zuzen. Dekretu hauek Lomcek ezartzen duen ebaluazio sistema bere horretan jasotzen dute. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako probak eta DBHko errebalida ere arautu egin ditu. Gure «lasaitasunerako» Lehen Hezkuntzako proba hauek ez direla kanpo probak izango ere esan digute. Azken urteko proba bertako erakunde batek egingo baitu. Baina ze edukirekin? Heziberri dekretuek barnebiltzen dituen edukiekin? Nafarroan ere, hitzak hitz, egin berri ditu gobernuak Lomcek agintzen duen 6. mailako azterketaren prestakuntzarako proba pilotu batzuk DBH1 mailako ikasleekin. Sortzenetik, Heziberri dekretuak bertan behera uztea eskatzen diogu Gasteizko Hezkuntza Sailari eta bai berari zein Nafarroako gobernuari, azterketa hauek ez ditzatela egin eta ebaluazio sistema propioaren aldeko apustua egin dezatela hezkuntza komunitate osoaren laguntzarekin. Lomce-Heziberrik ezarri nahi diguten ebaluazio sistema honen kontrako aldarria egin nahi dugu, alde batetik, ebaluazio honen bidez inposatu nahi diguten hezkuntza eredu honekin bat egiten ez dugulako eta zehazki ebaluazioetarako biderik txarrena dela irizten diogulako. Ebaluazioa beharrezkoa dela pentsatzen dugu, aurrera urratsak eman nahi baditugu, beste edozein eremutan bezala, hezkuntzan ere, egiten ari garenaz hausnartu, akats eta gabeziak zuzendu, eman behar ditugun pauso berriak erabakitzeko. Argi dago beste ebaluazio sistema bat behar dugula. Baina nolakoa izan beharko luke ebaluazio sistema horrek? Hasteko, ebaluazio sistemak Euskal Herriaren errealitateari erantzun beharko lioke. Emaitza akademikoetan bakarrik oinarritu beharrean, ikasleen ebaluazio jarraia, ikaskuntza-irakaskuntza prozesu osoa eta aniztasuna kontuan izan beharko luke. Ikastetxeen barne ebaluazioa hobekuntzarako zutabe gisa ezarri beharko luke (ikastetxeen sailkapena helburu izan gabe). Eta prozesu horren bukaeran ateratako ondorioak irakasleen formakuntza plana gidatu beharko luke eta ondoren planteatzen diren alderdien inguruan hausnarketa sustatu ere bai: ratioak, irakasleen lan baldintzak, familien parte-hartzea ebaluazioan, geletan erabilitako metodologiak, curriculuma, testuliburuen erabilera, eskolen eta espazioen antolaketa, zuzendaritza taldearen dimentsio pedagogikoa eta orokorrean gure ikasleen hezkuntzan eragina duten alderdi guztiak. Sortzen elkarteak Lomceri ezetz esan dio, Heziberri dekretuak bertan behera uztea eskatzen du, eta berdin, lege horien berme den ebaluazio sistema hau ere. Azterketarik ez! Sortzenek Euskal Eskola Publiko berriaren bidean, Euskal Herrirako baliagarria izango den lege marko propioa aldarrikatzen du. Euskal hezkuntza sistemaren eraikuntza bermatuko duena, gure errealitatetik eta beharretatik egina, «denon» parte-hartzea ziurtatuz. Emaitza akademikoetan bakarrik oinarritu beharrean, ikasleen ebaluazio jarraia, ikaskuntza-irakaskuntzaprozesu osoa eta aniztasuna kontuan izanbeharko luke