Jon LEUNDA
sokatira

Hasteko lau domina lortu dituzte euskal tiralariek 

Gaztedik zilarra eta Ibarrak brontzea eskuratu dute nesken 540koan, eta Sokarrik eta Berriozarrek brontzea jantzi dute mutilen lehiaketa banatan.

Zilarrezko domina bat eta brontzezko hiru izan da euskal tiralariek Herbehereetan jokatzen ari den Goma Gaineko Munduko Txapelketan lehen egun honetan lortu duten altxorra. Atzo abiatu zen lehiaketa eta kluben mailako txapelketarekin hasi zen, eta lortutako domina guztiak Euskal Herriaren izenean ari diren taldeek lortu dituzte.

Emakumezkoetan eman ziren emaitzarik onenak, 540ko mailan, izan ere, Gaztedik zilarrezko domina eskuratu zuen, eta Ibarrak, berriz, brontzea. Taiwango taldeak eragotzi zuen euskal tiralariek urrea lortzea. Asiarrek hasiera bortitza izaten dute, eta hor sokari eustea oso zaila izaten da. Finalerdietan Ibarra menderatu zuten, eta finalean Gaztedi. Hirugarren eta laugarren posturako, Hegoafrikako taldea menderatu zuen Ibarrak. Hala ere, bi domina lortzea ez dago gaizki.

Mutilen 560ko mailan, Sokarrik eskuratu zuen hirugarren postua. Denak Abadiñori begira zeuden, bera baita Euskal Herriko egungo txapelduna, baina azkenean Sokarri izan zen domina lortu zuen taldea. Urrea, Mountain taldeak eraman zuen, Ipar Irlandakoak, eta zilarra, berriz, St Path, Irlandakoak. 

Azkeneko domina, Berriozarrek eskuratu zuen, nafarrek brontzezko domina lortu zuten mutilen 23 azpikoetan, 600eko mailan. Taiwango taldeak izan ziren nagusi, eurentzat izan baitziren urrea eta brontzea.

Gaur, mutiletan, 600 eta 680ko lehiaketa jokatuko da, eta nesketan 500eko mailan lehiatuko dira, eta azkenik mistoetan, 600eko mailan jokatuko dute. Gaur ere izango dira dominak lortzeko aukerak.