FEB. 20 2016 sokatira Taiwan bihurtu da euskal tiralarien amesgaiztoa Sokarrik, Ibarrak, Badaiotzek eta Gaztedik lortu dituzte dominak. Jon LEUNDA Urreak ihes egin die berriz. Euskal tiralariek atzo ere beste lau domina kolkoratzeko modua egin bazuten ere, kluben txapelketa urrezko dominarik gabe amaitu dute. Lau zilarrezko eta lau brontzezko, baina urrerik ez, eta gaur hasiko den selekzioen lehiaketan ere ez dute erraz izango hori lortzea. Nesketan atzokoan ere bi domina lortu zituzten euskal tiralariek, baina urrea berriro ere Taiwanek eraman zuen. Herbehereetara Euskal Herritik joan direnek amets txarrak izango dituzte asiarrekin, gero mistoan ere haiekin galdu baitzuten. Taiwanek lortu zuen urrezko domina, eta zilarra, berriz, Badaiotzek. Horretan Gaztedi izan zen podiumera igo zen beste euskal taldea, brontzezko dominarekin. Mutilen 600 kilokoetan etorri zen hirugarren domina, eta hori ere Sokarrik eskuratu zuen, bezperan 560koan lortu zuen bezalaxe. Bizkaitarrek oso lan ona egin zuten, eta hirugarren postua eskuratzeko ikaragarrizko neurketa jokatuta irabazi behar izan zioten Herbehereetako taldeari. Azkeneko domina Ibarrak lortu zuen, 600 kiloko mistoan. Gipuzkoarrek zilarrezko domina kolkoratu ahal izan zuten, eta aurtengo txapelketan ia guztietan gertatu bezala, horretan ere Taiwanek eraman zuen urrea. Asiarrek hasieran erakusten duten jo horri aurre egin ezinik dabiltza euskal tiralariak. Selekzioen maila Behin kluben lehiaketa amaituta, selekzioen txapelketa abiatuko da gaur goizean, eta herenegun klubak jardun ziren maila berberetan lehiatu beharko dute selekzioek. Berriro ere euskal tiralariek dominak lortzeko aukerak izango dituzte, eta herenegun gailendutakoek izan dezakete handiena. Mutilen 560koan Abadiño lehiatuko da, eta lehen egunean lortu ez zuena eskuratzeko aukera izan dezake. Nesketan ere beren maila eman eta dominaren bat kolkoratzeko itxaropenik ez da faltako, ez eta mutilen 600 kilokoan ere, gaur, 23 urtez azpikoetan. Baina berriro ere, batez ere nesken mailan, Taiwan izan daiteke mugitzeko harririk zailena. Euskal tiralarien amesgaiztoa bihurtu da talde asiarra, eta gaurkoan ere oso zaila izango da hori menderatzea. Hala ere, lehen lortuta dauden zortzi dominekin batera gehiago pilatzeko eta urrea lortzeko itxaropenik inori ez zaio falta.