Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ikasiko ahal dugu maitatzen

Ez da sorbururik onena ezertarako genero-indarkeria, baina ziur naiz neurri oso handi batean emakumeon kontrako terrorismo unibertsalak eragin duela bikote-harremanak sostengatzen dituztenez pentsatzen eta ozenki hitz egiten has gaitezen, jendaurrean. Helburua argi dago: kateak antzematea eta puskatzen jakitea, kate direnean. Maitasuna esaten diete gehienek lotura itogarri (eta hilgarri, zentzu literal eta irudizkoan) horiei, ezin eutsizko, bihotzetik bor-bor sorturiko amodioa. Nire eskarmentuaren eta urte luzez inguruan behatutakoaren arabera, aldiz, gehiago izan ohi da nork bere buruari sinetsarazi eta ia inposaturikoa, munduko sentimendu eta sentsaziorik onenak (ahobatezko iritzia) ez galtzearren eta, besteak beste, bakardadeari izugarrizko beldurra izanez hazten garelako.

Ez dut egingo bakartasunaren apologia, ez eta bikote-harremanen edota maitasunaren kontrako diatriba ere. Lehenik, ez direlako bateraezinak (inoiz ikasiko ahal dugu!). Bigarrenik, kontu zabalak direlako batzuk eta besteak, ertz gehiegikoak txoko honetan azter- tzeko, eta esango nuke pertsonal-pertsonalak ere izan beharko liratekeela, norberak nahi bezala senti eta bizi beharrekoak, eskubidez nahiz askatasunez. Baina, hain zuzen ere, hor dago koska: bizi ditugu koskortze beretik ikasi eta muineraino barneraturiko kanonen arabera, aurrenekoa mespretxatuz eta uxatzen saiatuz, bigarrenei kosta ahala kosta eutsiz. Hala, berdin dio gizona ala emakumea izan, homosexuala edo lesbiana eta abar… maitemindu eta beste gizaki batekin erabateko el- kartasunean sentitutakoan, jokabide zehatz batzuk sortu eta garatuko dira pertsonarengan, ohartu ere egin gabe milioika aldiz ikusi, entzun eta irentsitakoak inguruan, zinema, abesti, literaturarik hedatuenean...

Izan ere, heldutasun emozionala behar da nork bere mugak ezartzeko, balioei eusteko eta barrenean itsatsita daramatzagun beldurrei aurre egiteko, eta ez dugu atsegin onartzea, neska-mutilok, baina ezaugarri hori ez da gehienon bereizgarria. Bai, ordea, ez ikusiarena egitea minari, tristurari, borrokari… dena delako beldurrak larruan kosk egin bezain laster, eta halaxe segitu ohi dugu beste apur batez minean, tristuran eta borrokan murgilduta, norbaitek aterako gaituelakoan. Horixe beste gakoa: ikas eta zabal dezagun gure burua behar bezala maitatu behar dugula, beste inor (osasungarri) maitatzen hasi aurretik. Ni neu horretan nabil.