FEB. 25 2016 GUTUNAK Otsailak 27, 40 urte JOSU JIMENEZ MAIA Idazlea Panfleto zahar maiztu bat, gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz; gaztelaniazko eta frantsesezko testuak makinaz idatziak eta puntuak eta komak sobera markatuta daude, paper horiztatua ia-ia zulatzeraino; antza, idatzi zuenak ez zuen idazmakinaz idazteko ohitura handirik. Arabierazko testua, berriz, eskuz idatzia da; arabieraz idazteko idazmakinak aurkitzea ez omen zen erraza espainolek okupatutako Mendebaldeko Saharan. «Lucharemos para defendernos, defender el derecho de nuestro pueblo en su tierra e independiente» (sic). Testuak joskera arazo eta hutsegite gramatikal batzuk izanik ere, argi ulertzen da «lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko» direla. Idazki horrek xede komunikatiboa lortu zuen: eskuorri horietako baten ale bat Rodriguez de Viguri kapitainaren etxearen ate azpitik sartu zuen saharar batek. Izan ere, sahararrek espainolek mezua jasoko zutela ziurtatu nahi izan zuten. Espainolek sekula ez zuten asmatu nork egin zuen, makineria errepresibo osoa martxan jarri zuten arren jakiteko nork utzia zuen ohar hori Rodriguez de Viguri kapitainaren sudurraren azpian. Saharako esaera batek dioenez, gaueko hitzak... egunak eramaten ditu. Panfletoak ez du datarik, baina 1973 edo 74an idatzia behar du, segur aski Tindoufen, «han egiten baitziren horrelakoak», nire informatzaile polisarioak esan zuenez. Gaur egun, Tindouf ondoko errefuxiatu kanpamentuetan daude oraindik sahararrak, bizi baldintza latzetan, Nazio Batuek emandako gizarte laguntza izugarri murriztu delarik. Han eta hemen ospatuko dugu larunbatean, otsailak 27, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak 40 urte betetzen dituela, ozen aldarrikatzeko, paper zahar maiztu horrek zioen moduan, beren «lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko» direla.