FEB. 27 2016 IKUSMIRA Ez da «egiarik», ezta «betirakorik» ere Aimar Etxeberria Kazetaria Azken asteotan oraino nire osasun mentalari nola eragingo dion ez dakidan ariketa batean murgildu naiz. Herri honetan hain gustuko dugun eztabaida berrartu dut; independentziaren ingurukoa, hain zuzen. Horretarako, baina, politikariak alde batera utzi eta filosofiaren munduan diharduten lau lagunekin elkartu naiz –Andoni Olariaga, Unai Apaolaza, Imanol Galfarsoro eta Jule Goikoetxea–, hauek “Independentzia helburu” liburuan egin duten ekarpena aitzakiatzat hartuz. Ez dakit aipatu elkarrizketek nola eragingo duten nire osasun mentalean, baina jakin badakit nire zoru ideologikoan arrakalak eragin dituztela; orain arte sendoak zirelakoan nituen hainbat uste astindu dizkidate, nire ideien itsasoan funanbulista bat soka gainean legez ibiltzera behartu naute. Ziur naiz, gainera, sentsazio bera izan dutela gaur arte publikatu diren elkarrizketak irakurtzera animatu diren hainbatek. Elkarrizketa guztiak dira ezberdinak, baina badira guztiek partekatzen dituzten hainbat elementu: zorroztasun handiz egiten dute egungo testuinguruaren irakurketa eta ausardiaz proposatzen dituzte herri hau independentziara gerturatzea helburu duten bidezidor ezberdinak. Elkarrizketa sortarekin hasi aurretik baneukan aurkitu nezakeenaren susmoren bat, haizeak eraman ditu, baina, guztiak; aise gainditu dituzte nire aurreikuspenak. Susmoak nituenez, onartu behar dut probokazio jarrera batekin hartu dudala ariketa; «egiak» zalantzan jartzeko asmoa nuen, «betirako» ezer ez dela ikusarazi nahi nuen, burmuinak astindu nahi nituen.