Jon LEUNDA
Berezkoak

Larralde eta Gixandut partidak irabazten eta itxura bikaina ematen ari dira

Larraldek eta Gixandutek 40 eta 16 irabazi zuten Berezkoen Binakako bigarren jardunaldiko lehen partida, Ospitalen eta Lukuren aurka.

Lau gazte eta estreinaldi bat; izan ere, Lukuk lehen aldiz jokatu du txapelketa honetako partida bat. Ospital Lanbertekin aritzekoa zen baina min hartuta dago, eta Lukuk bete zuen haren lekua.

Larraldek eta Gixandutek oso azkar apurtu zuten neurketa, eta gero galtzaileek ez zuten inongo aukerarik izan. Saketik 15 kintze egin zituen Larraldek, eta bi, Ospitalek. Jokoan irabazleek 17 kintze egin zituzten, eta 2 galdu zituzten, eta Ospitalek eta Lukuk 12 egin eta 8 galdu zituzten. 14-1, 20-6, 28-13, 37-14 eta 40-16 izan zen markagailuko mugimendua. 

Bigarren Mailakoan, faboritoek berriro ere huts egin dute, eta Intxauspek eta Amuletek bitik bi partida galdu dituzte. Atzo 40 eta 29 galdu zuten Goikoetxearen eta Lamourren aurka. Irabazleek oso norgehiagoka ona egin zuten. Gaur, 16.00etan, Donibane Garazin jokatuko dira partidak. Maila nagusikoan, Laurent Lanbert eta Ezkurra Waltariren eta Bilbaoren aurka neurtuko dira. Bigarren Mailakoan, berriz, Elgar eta Benese Monzeren eta Bonebeltxeren aurka arituko dira.