MAR. 02 2016 Emakumezkoen futbola Bolada onena gauzatzeko une aproposa Oiartzunen Gipuzkoarrek lau puntu eskuratu ditu azken bi jardunaldietan aurkari zuzenen kontra jokatutako partidetan. Amaia U. LASAGABASTER Hamabi jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko, baina Oiartzunek eskumenean dauka helburua. Gipuzkoarrek une aproposa aukeratu dute denboraldiko bolada onena gauzatzeko, eta azken bi jardunaldietan, aurkari zuzenen kontrako partidetan lau puntu eskuratuz, urteko egoera erosoenera heldu dira, jaitsiera postuetatik bederatzi puntuko aldearekin. Oiartzunek bere arrakasta taldearen indarrean oinarritzen duen arren, bi aste hauek izen propioak ere izan dituzte. Jone Bilbaorena, esaterako, berak sinatu baititu Fundacion Albaceteren eta Collerenseren kontrako golak. Ulergarria da, beraz, aurrelariak egun hauetan erakusten duen irribarrea. «Pozik egoteko modukoa da –onartzen du–. Golak sartzea beti da pozgarria eta batez ere taldearen mesederako denean». Are gehiago horrenbesteko garrantzia duten puntuak lortzeko balio dutenean. «Dudarik ez, puntu hauek sekulako balioa izan dezakete. Bigarren itzuliko une garrantzitsuenean gaude, lau astetan hiru aurkari zuzenen kontra arituko garelako –Albacete eta Collerenseren aurka jokatu du, eta Espanyol eta Santa Teresa izango ditu aurrean Oiartzunek hurrengo bi jardunaldietan– eta, batez ere, gero egutegia asko gogortzen zaigulako. Inoiz ez dakizu non atera ditzakezun puntuak eta saiatu, saiatuko gara denen kontra, baina argi dago irabazi beharreko norgehiagokak hauek direla. Lehiakide zuzenak direlako, eta guk lortzen duguna beraiek galduko dutelako eta, teorian, aurkari errazagoak direlako». Aurreko biak errazak ez dira izan, baina taldeak aurrera atera ditu haien kontrako neurketak. Hurrengo bietan ibilbide sendo horri eusteko gai bada, Fruizeko jokalaria ziur dago helburuak ez duela ihes egingo. «Lortutzat ez dugu emango matematikoki ziurtatu arte, oso arriskutsua litzateke halako konfiantzarekin ibiltzea lortu aurretik, baina egia da oso-oso gertu geratuko ginatekeela». Egia esan, denboraldi osoan zehar gauzatutako ibilbidearen jarraipen logikoa litzateke. Igo berria eta mailako talde xumeenetakoa izan arren, Oiartzunek ez ditu sekula ere jaitsiera postuak oinkatu. «Egia esan, ez nuen espero hain ondo ibiltzea, esperientzia izatea maila honetan oso garrantzitsua, erabakigarria dela uste dudalako. Baina, alde batetik, lehen jardunalditik ikusi nuen taldeak zer-nolako ahalmena duen daukan guztia emateko; eta bestetik, denboraldiak aurrera egin ahala, zailtasunei aurre egiteko, ikasteko, mailaren exijentziei egokitzeko gaitasuna daukagula ere demostratzen joan gara. Aurreikuspenen gainetik gaude baina, taldearen lana eta eboluzioa ikusita, sorpresatzat ere ez nuke hartuko», nabarmendu du. Arlo pertsonalean ere, Athleticetik etorritako jokalariak ontzat ematen du esperientzia. «Ezin naiz kexatu, batez ere azkenaldi honetan. Pozik nago, batez ere aurkitu dudan klubarekin eta taldekideekin, gustura lan egin daiteke hemen».