MAR. 02 2016 ARNALDO OTEGI, LIBRE Martutenetik Logroñora, 8 urte, garai berri baterako «2008-2016: Martutenetik Logroñora» ikus-entzunezko berezia estreinatuko du NAIZek bihar (22.00). Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren garapena du ardatz lanak, bide historiko honetan garrantzia berezia izan dutenen testigantzak gidari. Last update: MAR. 02 2016 - 06:37h Ion TELLERIA Logroñoko espetxetik irten zen Arnaldo Otegi atzo, orain 8 urte Martutenekotik egin zuen moduan. Denbora honetan ezker abertzaleak berak eta bereziki Euskal Herriak bizitako aldaketaren testigantza dakar bihar, osteguna (22.00), NAIZek estreinatuko duen “2008-2016: Martutenetik Logroñora” ikus-entzunezkoak; estrategia aldaketa eta honek Euskal Herrian sortutako ibilbide oparoa, estatuen blokeoa eta presoen etxeratze prozesuan atzematen diren ezinak, etorkizuneko bidearen gakoak eta Otegirekin batera espetxeratu zituztenek etxera itzultzean topatu duten egoera berria. Izan ere, nork esango zion Miren Zabaletari sei urtez espetxean egon ostean Iruñera itzuli eta Joseba Asiron abertzalea topatuko zuela alkatetzan? Biak ere ikus-entzunezko honetako protagonisten artean daude, Zabaletaren auzi berean zigortu zituzten Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintorekin batera. Otegik Martuteneko espetxea utzi zuenetik, 2008ko abuztuan, urte eta gutxi egin zuen kalean berriz atxilotu zuten arte, eta denbora horretan euskal independentismoa betiko aldatuko zuen eztabaida nola gauzatu zuten jasotzen du dokumentalak. Eurekin atxilotu eta berehala utzi zuten aske kalean hilabete besterik ez zeraman Rufi Etxeberria. Gaur-gaurkoz Sorturen gatazkaren konponbiderako arduraduna da eta ezker abertzalearen eztabaidaren emaitza “Zutik Euskal Herria” izan zedin garrantzia berezia izan zuen pertsona. ETAren erabaki historikoaren atarikoa izan zen Aieteko Konferentzia eta bertara iristeko ETAk berak eta Espainiako Gobernuak hartu zituzten konpromisoak ditu hizpide oiartzuarrak, baita bide-orri haren garapenik ezan PPk, PSOEk eta EAJk berak izan duten jarrera ere. Ezker abertzalearen barruan eztabaida zaila izan zela dute gogoan protagonista guztiek, espetxean bereziki. Antton Lopez Kubati eta Jose Ramon Martinez de la Fuente Txori dira hura kartzelan bizi izan zutenetako bi. Lopez EPPKren gidaritzan zegoen kolektiboari estrategia berriari ekarpena egiteko tenorea iritsi zitzaionean; Martinez de la Fuente arabarra Otegirekin egon da urteotan Logroñoko espetxean. Atzera begirako honetan gogoan hartzeko une garrantzitsua da erreportaje berezian parte hartu duten guztientzat 2011ko Areatzako gau hura. Urteetako legez kanporatzeei aurre egin zien ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunarekin eta Alternatibarekin osatutako Bildu koalizioaren bidez. Aitziber Ibaibarriaga, Oskar Matute, Peio Urizar eta Rebeka Ubera, gau hura gogoan, ezkerreko independentisten indar metaketak izan duen garapenaz mintzatzen dira. Galdera berriei erantzun berriak Indar biltze hori Ipar Euskal Herrian EH Bairen baitan gauzatu da, eta horren aurpegi ezagunetako bat, Anita Lopepe. Garaiko eztabaida lehen pertsonan bizi izan zuen, Aieten ezker abertzalearen ordezkari gisa izan zen eta aurrera begira, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren aitorpen instituzionalak ekar dezakeen aldaketaz eta ezkerreko independentisten hazkundeaz dihardu. 2008tik hona Euskal Herrian izan den aldaketa, sortu den errealitate berria eta horrek dakartzan aukerak dituzte hizpide parte hartzaile guztiek. Orain zortzi urteko galdera gehienen erantzuna aurkituta, galdera eta erantzun berrien behar gorriz dagoen Euskal Herrira itzuli da Arnaldo Otegi, sei urte eta erdiko espetxealdia beteta.