GARA Euskal Herriko egunkaria
HELDUEN LITERATURA

Hitzen azala


Testu batean barneratzeko erak irakurketa baldintzatzen du; propioa egiteko modua gure aldartearen eta aurreiritzien menpean dago. Bere itxura, diseinua eta egitura; bere ahotsa. Nola hautematen dugu testuaren ahotsa? Nola eraldatzen da gurea irakurketak aurrera egin ahala? Gorputzaren zein ataletan ezartzen da irakurria? “Beltzuria”-n Ixiar Rozasek esperimentatzeko gonbita egiten digu. Liburua hiru ataletan banatuta dago, alabaina irakurleok libre gara gure nahierara ekiteko: hasteko, testu nagusian Rozasek iraganeko eta oraineko ahots, espazio eta denbora ezberdinak berreskuratzen ditu, eta, bitartean, memoriak idazlearen ahotsa zeharkatu eta osatzen du. Ondoren, “Esku-oharrak” zatian azalpen teorikoak eta poetikoak ugari egoteaz gain, erreferentzia literario, filosofiko eta artistikoek izugarri aberasten dute sorkuntza bera. Amaitzeko “Koda: ohar amaitu gabeak” atala, non egileak idazketaren prozesua azpimarratzen duen ariketa introspektibo bat eginez. Rozasen hitzetan, aspalditik sentitu zuen falta diren gauza, hitz, ahots eta irudiei buruz liburu oso bat sortzeko beharra, ahotsari bere sendotasuna eta garrantzia kendu zaizkiolako eta, denborarekin, bere botereaz eta indarraz ahaztu garelako.

Ahotsa askatzea da helburua; lengoaiaren, hitzaren eta gorputzaren igarobidean ahotsa baitago kokatua. Liburuaren azalean dauden puntu etenak dira Franzisko Elizaldek, Xamuiok, inoiz kantatu zituen eta galdu ziren bi bertso lerro. Etxalarreko Xamuiok Marokoko gerrara joan behar izan zuen eta batailen lazgarrikerien ondorioz, isiltasunean murgilduta itzuli zen, horrela, bere sentimenduak adierazteko bertsoak botatzen zituen. Xamuiok abesten dituen desagertutako bi bertsoak testuaren euskarriak dira, izan ere, lanaren beste ahotsei bidegurutze zabalak eskaintzen dizkiete. Hondartzatik paseatzen ari den emakume batena da liburuan topatzen dugun lehenengo ahotsa, «beltzuria» hitza xuxurlatzen duenean; Xamuiorena hurrengoa da, itzaltzeko zorian dagoen ahotsa eta Ixiar Rozasek, bere ilobak, berreskuratzen duena; hirugarrena idazlearena berarena da. Etxalarreko Bordaberriko familiaren baserrira doa eta arbasoen historian arakatzen du esperientziatik, hiru belaunaldiren ahotsak batzen diren arte. Gainera, ezin da ahaztu Lina Sanzberrorena, Xamuioren emaztea eta egilearen amama, Gerra Zibileko garaian Donostiako etxe batean zerbitzari ibilia. Hortaz, iraganeko, oraineko eta etorkizuneko entzun eta ukitu daitezkeen ahotsez gain, anonimoen ametsak eta hitzak ere ikusgai bihurtzen dira beltzurian.

Zentzu hertsian sorkuntza literariotik baino harago doan testua dugu, eta horrek agerian uzten du egileak arte eszenikoekin eta eremu dokumentalistarekin harreman estua duela. “Beltzuria” ezaugarri poetikoaren eta performatiboaren artean denbora errealean konposatua dago; horrela, idazkera poetikoak sortzailearen eta hartzailearen sentsibilitatea elkartzen diren erresonantziak sortzen ditu eta idazkera performatiboak gogorarazten digu lengoaia erabiltzen den momentuan testua eraldatzen eta gorpuzten dela, hau da, testuaren mugimendura lotzen zaigu eta lengoaiaren eta munduaren arteko harremanaz jabetzen gara. “Beltzuria”-k itzal propioa dauka, desafio egiten digu irakurleoi, emankorra eta hunkigarria da, bizirik dago; era berean, idazkeraren atseginzaletasuna ere nabarmendu behar da, baita ahotsaren espazio politikoa ere, begirada horrekin irakurketa akzio sortzaile eta plazer kontzientearen ekintza bihurtzen delako.