MAR. 12 2016 Berezkoak Larralde eta Ducassosu, aurrez aurre Milafrangan Buruz Buruko egungo txapeldunak Gixandut izango du lagun atzean, eta Battittek, aldiz, Bielle izango du aurrean. Jon LEUNDA Berezkoen Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiari hasiera gaur Milafrangan emango zaio, eta ikusmin handia piztu duen neurketa izango da, Peio Larralde eta Battitte Ducassou aurrez aurre izango baitira. Binakakoa, ordea, ezberdina da, nahiz eta askorentzat bi bikote hauek izan daitezkeen Binakako finalean ere. Oraingoz, Larraldek eta Gixandutek osatzen duten bikoteak jokatutako partida guztiak irabazi egin ditu, eta Biellek eta Ducassouk, aldiz, bat galduta dute. Hala ere, Larralderen eta Ducassouren arteko partida bat gaur egun trinketeko esku pilota profesionalean ikus daitekeen handiena da, maila handiko bi pilotari dira, nahiz eta batek 22 eta besteak 24 urte izan. Haize freskoa ekarri dute trinketera eta harmailak ere bete egiten dituzte. Gixandut gaztearekin ere itxaropen handia dago, hau ere askoren ustez berehala handienen pare egongo baita. 21 urte ditu eta badu denbora, eta itxura, berriz, paregabea dauka. Laugarrena, beteranoena, Bielle, egungo aurrelaririk onenetakoa da. Beraz, norgehiagoka honek dena dauka jendea erakartzeko, eta zaleek erantzungo dute. Jaialdia 17.30ean hasiko da, ete lehen partida Bigarren Mailakoa izango da, eta bertan, Elgart eta Bensese Goikoetxearen eta Lamourren aurka neurtuko dira. Lapurditik Zuberoara pasatuko da txapelketa, bihar Lohitzünen jokatuko baita laugarren jardunaldiko azken partida. Neurketa garrantzitsua izango da, izan ere, partida horretako galtzaileak ia ez baitu aurrera egiteko aukerarik izango. Laurent Lanbert eta Ezkurra Ospitalen eta Lukuren aurka nertuko dira. Hemen bi bikoteak datoz jokatutako guztia galduta, eta irabazteko izan dezaketen aukera bakarra biharkoa izan daiteke. Aurrez, 15.00etan, Etxegarai eta Lazkano Intxausperen eta Amuleten aurka neurtuko dira.