MAR. 14 2016 ITSASOA Ardura eta helburua Surflari Ernegatua Ez ditut tantanak maite, beti iruditu zait alferren musika tresna, beste ezer ganoraz jotzeko gai ez den jendeak hautatzen duen perkusio instrumentua. 2006. urtean ulertu nuen, Etxarriko topagunean, malabare tailerrek zuten arrakasta ikusita, gureak egin zuela. Ez diot gaiztakeriak ganoraz egiteko tailerrak egin beharko liratekeenik, baina ganorazko zerbait, urte batzuk beranduago sistemara salduko diren eta ez diren gazte horiei egunerokoan baliozko izango zaizkien tresnak eskaini beharko litzaizkieke, lanabes horiekin haien ingurune naturalean eragin ahal izango dutelako, eta iparra zein den garbi izanda, norberak bere esparrutik bere hondar aletxoa jarri ahal izango duelako. Jarraitu aitzin abisu bat. Gaurkoan ere surf hitza erabiliko dut surfa ez den beste edozertaz hitz egiteko, beraz zutabe honen ostean botatzen banaute, badakizue arrazoiz bota nautela. Neure gain hartzen dut ardura. Nire esparrua surf mundua izanda, nire ekarpen apala egiten saiatzen naiz dagokidan eremuan, abertzale gisa dudan erantzukizuna ekidin gabe. Horra hor, pertsona gisa hazten lagundu didaten bi kontzeptu, gaztetan Jarrain ibili ez banintz garatuko ez nituzkeenak; helburuak eta erantzukizuna. Helburuei dagokienez, gauza bakarra daukat garbi, euskalduna naizela eta euskaldunok ez desagertzeko bermeetako bat independentzia dela, beraz horrat bideratuak ditut nire egintza guztiak. Eta erantzukizuna nire ideiekin gutxieneko koherentzia izateko bitarteko nagusia da. Pertsona gisa hazten laguntzen duten balio hauek maila kolektiboan ere gizarte edo mugimendu bat aberasten lagun dezaketelakoan nago. Arnaldok helburu orokorrak marraztu ditu, ezer berririk ez, baina ilusioa pizteko balio izan du. Ilusioak ordea, ez du asko iraungo helburuak lortzeko “nola” egingo den zehazten ez bada. Beraz, lehen balioa, helburuena, indarrean da, orain erantzukizunez jokatzea falta da. Arnaldok «ilusioa nork kendu dizue?» galdetzen duenean, erantzuna parean dauka, inguruan dituen arduradunei begira diezaieke, urrun joan gabe. Duela pare bat aste nioen moduan, estrategia taktikoak huts egingo du bakoitzak bere liburua gailentzea nahi badu eta hori gertatzeko zantzu guztiak ikusten ditut. “Abian” txosteneko adibideak dioen moduan, kontua olatuak sortzea bada, haizea behar da, ez surf taula bat, eta haizea eragiteko zerbait eraikitzea taula bat egitea baino askoz ere zailagoa da. Taulak egiteko ez dira surflariak behar, trapuzko pilotak egiten aritzen den edozein hippyk egin dezake surf taula bat. Baina kasu horretan ere, norbera bere arlotik baldintzak jartzen hasten bada ozta-ozta egingo da ezer. Hori bai, egiten bada kristoren surf taula izango da, morea, gorria, izar batekin, euskal labela duena eta Internazionala errusieraz abesten duena, baina motz geratuko da beti, ez baitago muturreko militante bat ase dezakeenik. Arduraz jokatzeko garaia da, aurrera egiteko norberak bere partetik apur bat sakrifikatu behar du, baita diskurtso mailan ere. Soilik horrela sortu ahal izango dira olatuak sortzeko baldintzak, zeren olatuak sortzeko, guztiok gara beharrezko, baita (maila teorikoan) sozialista labelik ez dugunak ere. Helburu zehatzak etahaiekiko ardura. Pertsona gisa hazten laguntzen duten balio hauek mugimendu kolektibobat aberasten lagun dezakete, baldin eta norbera bere liburua inposatzen saiatzen ez bada.